«Benetan berandu» iritsi da, Etxerat-en ustez, Josu Uribetxebarria askatzeko erabakia. Uztailaren 20an ospitaleratu zutenetik, «bide luzea» egin behar izan dela salatu du; «sufrimenduz eta etsipenez» betetako bidea. «Josu egoerarik muturrenekoenera eraman dute, urtetan eskatutako baldintzapeko askatasuna gauzatu aurretik», azaldu du euskal presoen senide eta lagunen elkarteak.
Etxerat-ek azaldu duenez, «oso ahul» dago Uribetxebarria, eta, beraz, ospitalean jarraitu beharko du denboraldi batez.
Giza eskubideak errespetatu gabe luzatutako egoerak utzi du muturreko egoeran preso ohia, Etxerat-en hitzetan. Eta argi du jarrera horren helburua: «Mendekuz betetako espetxe politika azkeneraino eramatea. Horrek gure senideen eskubideak zapaltzea eskatzen badu, horixe egingo dute».
Hori onartezina dela dio; «ezin da errepikatu». Bien bitartean, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru preso kartzelan dituztela ohartarazi du. Hortaz, Uribetxebarriarena bezalako egoerarik berriro gerta ez dadin, hamahiru horiek ere askatzeko eskatu du.
Etxerat-ek gaixo dauden 13 presoak askatzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu