Frantzian euskal presoen kontrako politika "are gehiago larritzen" ari dela eta, Etxerat elkarteak Christiane Taubira (PS) Justizia ministroari hitzordu bat eskatu dio. "Bake jokaleku batera ezin da joan euskal preso eta iheslarien egoera konpondu gabe. Hautetsi berriei —sozialista eta kolore guztietakoei—, bide horretan ahal duten guztia emateko eskatzen diegu", esan du Etxerat-ek gaur, Baionan.
Espainiakoa bezala Frantziako Gobernua ere "bortizkerian tematuta" dagoela iritzi dio iheslari eta presoen senideen elkarteak. "Eskubide eta konponbide demokratikoaren inguruan hitz ederrak entzun ditugu azken hilabeteetan Iparraldeko hautagai lokalen aldetik, baina egoera larritzen ari da". Presoen urruntzea eta sakabanaketa eta bidaietako gastua jarri ditu adibide modura.
"Egiazko prozesu demokratiko baten garapena ahalbidetzeko aukera paregabea" dagoela dio Etxerat-ek.