EUSKAL PRESOAK

Etxerat-ek jasaten ari diren "jazarpena" salatu du

Joan den apirilean Intxaurrondoko eta La Salveko komisaldegietara deklaratzera joateko Guardia Zibilak deitutako 127 senideetatik hamabik zitazio judiziala jaso dutela jakinarazi dute. Gotzon Amaro presoaren lagun batek istripua izan duela ere bai, hura bisitatzera Valladolidera zihoala.

Istripuan ez da inor zauritu. ETXERAT
2015eko ekainaren 13a
11:50
Entzun

Etxerat elkarteak bizitzen ari den "jazarpen jarraitua" salatu dute elkarteko kideek gaur eguerdian Donostian egindako agerraldian. Jakinarazi dute, joan den apirilean Intxaurrondoko eta La Salveko komisaldegietara deklaratzera joateko Guardia Zibilak deitutako 127 senideetatik hamabik zitazio judiziala jaso dutela. Uztailaren 7an eta 8an deitu dituztela deklaratzera —hamalau dira orotara—, "oraindik ezezagunak" zaizkien arrazoiengatik. Abokatuen kontrako 'Mate' operazioa da testuingurua.

Guardia Zibilak zitazio horiek jakinarazteko erabili dituen moduak salatu ditu Etxerat-ek. Telefonoz batzutan, kaleko jantzita etxean agertuz bestetan, "izutzeko asmo garbiarekin" eginak. "Berariazko deskoordinazio eta inkoherentzia guzti hau euskal preso politikoen senideen aurka eramaten ari den nahasmen estrategia bat da. Inkisizio garaian gaizki deituriko 'sorgin' ehiza ekartzen du gogora, gaur beste izen batez dirauena".

2015. urtean Etxerat-en kontrako jazarpen hori "joera" bilakatu dela ere esan du elkarteak: "Higadura, beldurra eta ziurgabetasuna sortu nahi duten adierazpen, aipamen, ekintza edo salaketez hedabideak maiztasunarekin zipriztindu. Baina higatzen doan gauza bakarra, guk nahiko genukeena baino astiroago, ordea, euren gezurren irismen eta indarra da".

Zentzu horretan, berriki Parisen egin den bake konferentziari "lotzen" zaiola jakinarazi du Etxerat-ek. Konferentzia horrek agerian utzi ei duelako euskal presoek dispertsioarekin amaitu behar dela eta presoak gaztazkaren amaieran parte hartu beharra dutela. "Euskal Herriko bakearen inguruko konferentziak  argi esan du: Etxerat eta presoek bizitzen ari duten jazarpena ez da bidea".

Aste batzuk barru, Etxerat-ek berak eta beste hainbat eragilek antolatuta egingo diren elkartasun ekintzen berri emango dutela aurreratu dute.

Auto istripua

Etxerat-ek berak jakinarazi du agerraldi hori amaitu eta ordu gutxira, Gotzon Amaro presoaren lagun batek istripua izan duela hura bisitatzera Valladolidera zihoala. Palentzia parean izan da istripua. Laguna ongi dago eta autoak kalte materialak izan ditu (argazkian). Dispertsioak 2015ean eragin duen bosgarren istripua dela jakinarazi du Etxerat-ek. "Kokotearino gaude dispertsioa deituriko errusiar erruleta honetaz, astebururo telefono dei batean aurrean bihotza ukabil batean sartzera garamatzana. Aski da!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.