Euskal presoak

Etxerat-ek presoen urruntzea eta salbuespenezko espetxe politika salatu ditu hondartzetan

Euskal kostaldeko 14 hondartzetan Espainiako Estatuaren espetxe politika salatu dute euskal presoen senideek. Elkartasuna adierazi diete 11/13 sumarioan auzipetutako 47 lagunei.

Etxeraten mobilizazioetako bat, atzo, Donostiako Kontxa hondartzan.
2019ko abuztuaren 5a
16:53
Entzun

Etxerat-ek euskal presoen urruntzea eta "salbuespenezko espetxe politika" salatu ditu aurtengo udan ere, euskal kostaldeko 14 hondartzatan. Hendaian (Lapurdi), Lekeition, Ondarroan, Ean, Bakion (Bizkaia), Donostian, Mutrikun, Zarautzen eta Orion mobilizatu dira, besteak beste. Elkartearen esanetan, hondartzetako protesta "estatu espainiarrak euskal gizartearekin daukan zorraren adierazle da". Nabarmendu dute "aurrera egiteko, konponbideak emateko eta bakeari, bizikidetzari eta etorkizunari ekarpenak egiteko garaia" dela. Aldiz, Espainia ez da gisa horretan jokatzen ari, Etxerat-en iritziz. Ohartarazi dutenez, presoen senideen sufrimendua erabiltzen du Espainiako Estatuak, "zigor gehigarri, xantaia eta mendeku gisa, duela hiru hamarkadetatik hona". Sufrimendu horrek milaka euskal herritarri eragiten diela adierazi dute.

Etxerat-ek azaldu du aurten jadanik sei istripu gertatu direla euskal presoak bisitatzeko bidaietan. Istripu horietan, 13 senide izan dira kaltetuak; horien artean, 23 hilabeteko haur bat. Gainera, gogorarazi dute presoen urruntze politika abian jarri zenetik —azken 30 urteotan—, 344 auto istripu izan direla espetxeetara bidean. Istripu horien ondorioz, 937 pertsona zauritu dira, eta 16 lagun hil.

Horrez gain, euskal presoei ezartzen zaien "salbuespenezko espetxe politika" salatu dute. Nabarmendu dutenez, kartzela politika horrek presoen "bizi baldintzak eta osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan" jartzen dute. "Uda honetan, Jose Angel Otsoa de Eribe aske geratu da bere gaixotasun larriaren aukako tratamendua emateko. Hala ere, beste hogei senide ditugu oraindik ere Espainiako eta Frantziako espetxean gaixotasun larriekin, eta horiek beraien inguruetara itzuli beharko dira inolako baldintzarik gabe era egokian tratamendua jaso ahal izateko". 

Etxerat-ek 11/13 sumarioaren epaiketa ere gaitzetsi du. Euskal presoen eskubideen alde lanean jardun duten 47 euskal herritar epaituko dituzte irailaren 16tik aurrera. "Gure elkartasun eta laguntzarik zintzoena eskaini nahi diegu 47 auzipetuei eta beraien senideei". Etxerat-ekoak izateagatik bi kide daude auzipetuta: Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga

Etxerat-ek gaineratu du bakeari eta bizikidetzari "ekarpenak egiteko" lanean jarraituko duela, "gertatutakoa berriz ere gerta ez dadin". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.