Joan den asteartean, irailak 19, eraman zuten Iñaki De Juana erietxera. Hurrengo egunean, Etxerat-eko Argitxu Martinezek azaldu duenez, medikuek seruma eman zioten zainetatik bere borondatearen aurka. Sendagileek Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoa bete zuten.
Martinezek adierazi duenez, sendagileek serumari potasioa gehitu nahi izan ziotenean gertatu zen guztia. De Juanak uko egin zion elikatua izateari eta orduan Polizia sartu zen erietxeko bere gelara. Presoak indarrik egin ez zezan besoak eta hankan lotu zizkioten.
Asteburuan senideen bisita izan zuen Iñaki de Juana euskal presoak eta bere egoeraren larritasuna agerian utzi du gaur Etxerat-ek: "Iñakiren esanetan, bere gorputzak inoiz ez du horrelako biolentziarik pairatu. Azkenean, askatzeko eskatu behar izan zuen, sendagileak egiten ari ziren lanaren aurkako jarrerarik izango ez zuela esanez", azaldu du Martinezek.
PSOE eta UMP alderdien politika ankerra salatu du Etxaburuk
Estanis Etxabururen hitzetan PSOEko eta UMPko agintariek "justiziaz" hitz egiten duten arren, Etxerat-ek badakiela "mendekuaz ari direla". Etxabururen hitzetan, "demokraziaz, legalitateaz edo pakeaz hitz egitean, txantaia politiko argiaz" ari dira PSOE eta UMPko buruzagiak.
Bereziki Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendu zaio eta esan dio senide eta presoen aurka manatentzen duen "politika kriminal eta hiltzailea" ez datorrela bat "bakeaz, demokraziaz eta legelitateaz" esaten dituenarekin.
"Sigla guztien gainetik" elkarretaratzeetan parte hartzeko deia
Euskal presoek bizi duten egoeraren "larritasuna" nabarmendu du Etxaburuk eta Etxerat-en izenean dei egin du "sigla guztien gainetik, ideologia guztien gainetik datorren ostiralean, irailak 29, azken ostiralean, herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko, preso, iheslari eta seniderik gabeko etorkizun baten alde". Behingoz siglen gainetik iindarrak metatzeko ordua dela azaldu du Etxerat-ek "estatuei behar bezalako presioa egiteko".
Presoak
Etxerat-ek salatu du De Juanari "eskuak eta oinak lotu" zizkiotela elikatzeko
Poliziak "eskuak eta oinak lotu zizkion" Iñaki de Juana euskal presoari erietxeko bere ohean, medikuek preso donostiarraren borondatearen kontra elikatu ahal izateko. Duela 50 egun abiatu zuen gose greba De Juanak. Argitxu Martinez eta Estanis Etxaburu Etxerat-eko kideek euskal presoaren egoera "oso larria" dela adierazi du. Era berean, PSOE eta UMP alderdien jarrera "ankerra" salatu dute. Halaber, "sigla guztien gainetik" datorren ostiralean, irailak 29, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu du Etxerat-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu