EUSKAL PRESOAK

Etxerat-ek salatu duenez, bi istripu izan dituzte euskal presoen lagunek asteburuan

Olga Comes eta Karmelo Lauzirika presoen lagunek izan dituzte ezbeharrak. Aurten "sakabanaketa politikak eraginda" sei istripu gertatu direla salatu du elkarteak. Elkarretaratzeetara deitu dute gaur, bihar eta etzi, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Etxerat-ek joan den larunbatean Memoriare Egunean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. FOKU
2018ko azaroaren 12a
07:31
Entzun

Urteko bosgarren istripuaren berri eman eta ordu gutxira jakinarazi du Etxerat elkarteak asteburuan beste istripu bat ere gertatu dela, "sakabanaketa politikak eraginda". Olga Comes Aranbillet euskal presoaren lagun batek izan duena da salatu duten azken ezbeharra. Leonen dago Comes (Espainia), Mansillako espetxean —Euskal Herritik 360 kilometrora— eta itzultzen ari zela izan du istripua lagunak, bisita egin ostean. "Lizarra inguruan gertatu zen ezbeharra igandean, arratsaldeko 16:30ean. Euskal preso politikoaren lagunak autoaren kontrola galdu, eta erdibitzaila jo zuen. Hormigoizko zatia zenez, kolpea gogorra izan zen. Istripuak eragindako kolpe eta haustura arinak artatuak izateko, medikuen asistentzia behar izan zuen Olgaren lagunak", jakinarazi du Etxerat-ek, ohar baten bidez.

Horren aurretik, Karmelo Lauzirika presoaren lagunek izandako istripuraren berri emana zuen Etxerat-ek. Castello Iera bidean izan zuten istripua —Euskal Herritik 550 kilometrora—, bisita egitera zihoazela. Honela azaldu dute elkartekoek: "19:00etan izan zuten ezbeharra,Teruel inguruan. Kamioi bat aurreratzeko momentuan, euskal presoaren lagunen autoak kamioitik eroritako objektu astun baten aurka jo zuen, eta egur zati edo hagun bat jo. Gidariak kotxearen kontrola galdu zuen eta, kolpearen ondorioz, autoaren argi bat, lainotako argia eta aireztapen sareta apurtu zituen. Gidatzeko oztopoak izanda ere, euskal preso politikoaren lagunak bisitara iritsi ziren. Lehenago, Karmelo Lauzirikaren lagunak beste ezbehar bat izan zuen behartutako desplazamendu hauengatik".

Etxerat-ek jakinarazi duenez, guztira sei dira aurten "sakabanaketa politikak eragindako ezbeharrak". Hiru, Mariano Rajoy zela Espainiako Gobernuko presidentea, eta beste hiru, Pedro Sanchez gobernuburu dela. Salaketa egin du elkarteak: "Espainiako Gobernuak egungo espetxe politika aldatzeko duen borondate eza eztabaidaezina dela azpimarratu nahi dugu. Istripuak eta hauen ondorioak ekidin zitezkeen, baina ez dute hala egin nahi izan. Horretaz gain, Pedro Sanchezek saldutako itxaropen edo aukerak atzean geratzen ari dira; euskal preso politikoen senide eta lagunen osasunaren eta bizitzaren inguruan duten ardura handituz doa eta baita ezarritako arriskuenak ere. Espainiar gobernuak espetxe politika ez aldatzeko norekin eta zein terminotan hitz egin duen galdegiten dugu eta, halaber, euskal preso politikoen senide eta lagunen bizitzen inguruan norekin eta zein terminotan hitz egin duten galdegiten dugu. Eta, azkenik, sufrimenduaren amaiera eta sakabanaketa politikaren desaktibazioa atzeratzean dauden interes politikoak azaldu ditzatela ere eskatzen dugu".

Istripuak salatzeko elkarretaratzeetara deitu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan:

- Iruñean, gaur, Gobernu Zibilaren aurrean (20:00).

- Gasteizen, bihar, Andre Maria Zuriaren plazan (19:30).

- Bilbon, bihar, Arriaga plazan (19:30).

- Donostian, etzi, udaletxe ondoan (19:00).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.