Mattin Troitiño eta Natxi Aranburu Etxerat euskal presoen senideen elkarteko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur, Bilbon, Mikel Egibarren senideen berri emateko eta "erantzukizunak eskatzeko".
Izan ere, Egibar euskal presoaren senideek auto istripu larria izan dute bart, espetxera eginiko bisitatik bueltan zetozela, Zaragoza inguruan (Aragoi, Espainia). Bikotekideak eta semeak izan dituzte zauri larrienak; alaba ere zaurituta dago. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, hirurek ospitalean jarraitzen dute.
Horrela, galdera zuzena egin diete elkarteko bozeramaileek alderdi politikoei: "Haurrak hil beharko ote dira lokartutako ardura politikoa esnatzeko?". Troitiño eta Aranbururen esanetan, sakabanaketa politika senideei kilometroak eginaraztetik "haratago" doa.
Egibar Zizurkilgoa da (Gipuzkoa), eta Zuerako espetxean dago gaur egun, Euskal Herritik ia 300 kilometrora. Istripua atzo eguerdian jazo zen, Zaragoza inguruan. Egibarren senideek kamioi bat jo zuten, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten autotik, Etxerat-ek azaldu duenez. Hirurak ospitalera eraman zituzten, zaurituta. Bikotekidea eta semea (14 urte) Zaragozako Klinikan daude, eta alaba (12 urte) Miguel Servet ospitalean dago. Etxerat-ek jakinarazi duenez, larri daude, baina egonkor.
Euskal presoen sakabanaketa politikari amaiera emateko "arduraz eta zentzuz" jokatzeko eskatu diete Etxerat-eko bozeramaileek eragile politikoei. Halaber, politika horren "ondorio larriak" azpimarratu ditu. "Presoen senideek bizitza arriskuan jartzen dute etengabean", dio Etxerat-ek. Elkartearen ustez, "sakabanaketa politikak nahikoa heriotza eragin ditu jada".
Duela 23 urtetik, Espainiako Gobernuak euskal presoen sakabanaketa politika indarrean jarri zuenetik, hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta ehunka istripu izan dituzte.