Presoen sakabanaketak eragindako istripuak salatu ditu, beste behin ere, Etxerat-ek. Izan ere, jada 14 istripu larri izan dituzte aurten euskal presoen senide eta lagunek. Euskal Herriako gatazka konponbidean jartzeko, sakabanaketa amaitzea guztiz beharrezkoa dela adierazi zuten Etxerat-eko Saioa Agirrek eta Estanis Etxaburuk atzo, Donostian eginiko agerraldian.
Gatazka gainditze bidean jartzeko, preso eta senideen aferari aterabidea ematea garrantzi bizikoa dela iritzi zion Etxerat-ek.«Preso eta senideok sakabanaketaren ondorioz jasaten ditugun eskubide urraketei amaiera eman eta gatazka politikoaren konponbiderantz pausoak ematea da Euskal Preso Politikoen Kolektiboari dagozkion eskubideak bermatzea». «Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea hizpide den une honetan, sakabanaketa politika segituan amaitzen ez bada, hildako senide eta lagun gehiago izango ditugula esan behar dugu», salatu zuen Agirrek. Sakabanaketa indarrean ezarri zenetik, 16 dira istripuetan hildako senide eta lagunak. Kontuan hartzekoa da, halaber, 2003ko otsailetik gaur arte bost senide eta lagun hil direla, sakabanaketak eraginda; lau errepidean eta, bosgarrena, 1989an izandako istripu batek utzitako ondorioen eraginez.
Sakabanaketa politika amaitzea, «guztion ardura»
«Hori da senide eta lagunoi euskal preso politikoen eta euskal gizartearen arteko zilborreste izateagatik ordainarazten diguten zigorra: heriotzak, zaurituak, odoluste ekonomikoa eta abar», erantsi zuen. Hala, Espainiak eta Frantziak senide eta lagunei ezarritako «heriotza zigorra» amaitzea beharrezkoa dela berretsi zuen. «Autoak iraulita, bide bazterraren aurka jota, senide eta lagunak zauritutaÉ astea joan eta astea etorri sakabanaketa politikak eragindako istripuak jasatea ohiko bilakatu da senide eta lagunontzat», salatu zuen Agirrek. «Ulergaitza egiten zaigu Espainiako eta Frantziako estatuek gatazkaren konponbidea aurkitzeko borondatea dutela esatea eta, oraindik, gure heriotza bilatzea». Hala, sakabanaketa amaitzea bi estatuek eman beharreko pausoa dela iritzi zion, baina Euskal Herrian ere zer egitekorik badela erantsi zuten.
Alderdi, sindikatu eta eragileek ere sakabanaketa politika amaitzeko «ardura» dutela iritzi zion elkarteak. «Guztion ardura da, herri osoa ari baitira zigortzen sakabanaketa politikarekin, gatazka luzatzeko eta sufrimendua sorrarazteko indarrean duten politika hiltzaile honekin». Hala, ostiralean euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko herri guztietan egingo dituen elkarretaratzeetan parte hartzera deitu zituen Etxerat-ek euskal eragile eta herritar oro.Galdera ere egin zien Etxerat-ek Espainia eta Frantziako estatuei: «Nola konpondu asmo dute Euskal Herriko gatazka politikoa presoen suntsipena eta senide eta lagunon heriotza helburu dituen sakabanaketa politika indarrean dutela?». Euskal presoen eskubide guztiak aitortu eta errespetatzeko garaia dela erantsi zuen, baita estatus politikoaren baitan biltzen diren eskubideak bermatzekoa ere.
EUSKAL PRESOAK. SAKABANAKETA
Etxerat: «Eskubideak aitortzea pauso bat da konponbiderantz»
Euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko ostiraleko elkarretaratzeetara deitu du Etxerat-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu