Herrira-ren aurkako operazioa

Etxerat: "Ez dute gure ahotsa isilaraziko"

Espetxe politikaren eta "salbuespen neurrien" salaketa desagerrarazi nahi dutela salatu dute euskal preso eta iheslarien senide eta lagunek, eta eragileei "batera erantzuteko" deia egin diete, Bilboko manifestazioarekin hasita.

Hodei Iruretagoiena
2013ko urriaren 3a
12:10
Entzun

"Ahotsa kendu dizuegu", esan zion ertzain batek atxilotuetako baten amari, astelehen arratsaldean, Ibai Bilbao Etxerat-eko kideak kontatu duenez: "Oker zebilen. Ez dute inoiz gure ahotsa isilaraziko, nahiz eta eskertzen diogun operazioaren helburuak argi eta garbi adieraztea". Herrira-ren Hernaniko egoitza zigilatuaren aurrean (Gipuzkoa) elkartu dira preso eta iheslarien dozenaka senide, atxilotuei elkartasuna adierazi eta asteleheneko operazioa salatzeko.

Bilbaoren esanetan, Espainiako Gobernuak normalizazioari, bizikidetzari eta bakeari dion "beldurra" erakutsi du Herrira-ren aurka eginda, baina esan du Etxerat-ek eutsi egingo diola "bake prozesuan aurrera egiteko" konpromisoari. Gogora ekarri dute, gainera, gero eta gogorragoak direla espetxetako baldintzak, eta iheslarien ekarpenek ere "jazarpena" jaso dutela erantzun gisa. Jarrera horien aurka, atxilotu dituzten lagunen lana goraipatu dute, "euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko lan publiko eta zilegia".

Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, "haserre"

"Oso haserre" agertu dira, ordea, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak "erasoa justifikatu" dutelako. "Beraiei dagokie gure eskubideak babestea", esan dute. Haserre horrek, ordea, "indarra, arnasa eta duintasuna" ere ematen diela ohartarazi dute, eta "tantaz tanta" Herrira-ren lanarekin jarraitzeko deia egin diete eragile sozial, politiko eta sindikalei. Azkenik, larunbatean "olatu erraldoi bat" osatzera deitu dituzte herritarrak. "Olatuz olatu, egunez egun, itsaso mugagabe sortu behar dugu. Etxean izan arte".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.