Etxerat: "Giza eskubideak errespetatu edo urratu egiten dira"

2015eko martxoaren 31
18:51
Entzun

Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiarekin kritiko azaldu da Etxerat presoen senide eta lagunen elkartea: "Sakabanaketak giza eskubideak urratzen dituela ukatzeak espetxe politikaren ondorioak ezkutatzea du helburu". Elkarteak nabarmendu du presoen sakabanaketak familiarako, intimitaterako eta osotasun fisikorako eskubideak urratzen dituela, argudiatuz presoen gertukoek "prezio fisiko, psikiko eta ekonomiko altuena" ordaindu behar dutela presoekiko loturak mantentzearren.

"Sakabanaketak oinazea eragin eta presoez gain senide eta lagunak zigortzen dituela ukatzeak ez dio errealitateari erantzuten, beste interes batzuei baizik", esan du Etxerat-ek, eta gogorarazi du: "Giza eskubideak errespetatu edo urratu egiten dira, eta, urraketen aurrean, ez dago justifikazio edo aitzakiarik".

EH Bildu

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak "arduragabekeriaz eta koldarkeriaz jokatzea" leporatu dio Auzitegi Nazionalari: "Argi utzi dute berriro epaitegi hori euskal presoen eskubideak urratzeko diseinatu zutela".

Arzuagak gogorarazi du "presoak bere jaioterritik gertu egoteko eskubidea" duela, baita "bere bizitza pribatu eta familiarrerako eskubidea ere, Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak eta Auzitegiak onetsi bezala". Halaber, salatu du epaitegiak "presoen eskubideak defendatu beharrean nola urratu hobeto" bilatzen duela: "Gaur ere argi utzi dute horretarako diseinatu zela epaitegi hori; Espainiako Estatuan presoen eskubideak ezerezean geratzen dira".

Espainiako Barne Ministerioa

Auzitegiaren erabakiaz jardun du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere: "ETA da sakabanaketa politikaren aliatu nagusia". Pozik agertu da epaitegiak espetxe politika babestu duelako, eta gaineratu du Espainiako Gobernuak ez lukeela politika hori ezarri beharko ETA desagertuko balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.