Euskal presoen eskubideen alde gaur 12:00etatik 13:00etara lanuzteak egin dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan, Eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, eta Etxerat elkartea -berak egin du deialdia- "pozik" azaldu da herritarrek emandako erantzunarekin.
Donostian PSE-EEren egoitzaren aurrean elkarretaratzea ere egin dute, manifestazioa egin ondoren, eta hantxe egin du gaurko deialdiaren lehen balorazioa Estanis Etxaburu Etxerateko eledunak. "Pozik gaude milaka eta milaka herritarrek erantzuna eman dietelako Etxeraten deialdiari, eta horregatik gaude hemen, politikarien aurrean, horiek direlako espetxe politika indarrean mantentzen dutenak". Etxaburuk esan du espetxe politika aldatzen ez duten bitartean, "aurrez aurre" izango dituztela. "Behartu egingo ditugu hori aldatzera".
Donostiako elkarretaratzean Batasuneko eta LABeko kideak ere bazeuden, besteak beste. Esaterako, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusia.
Gasteizen, Bilbon eta Iruñean ere manifestazioak egin dituzte. Arratsaldean ere izango da mobilizazioarik hiri eta herrietan. Bihar, berriz, Bilbon Autodeterminazioa eta amnistia goiburupean, manifestazioa egingo dute.
Etxeraten gaurko deialdiarekin bat egin dute hainbat erakundek: LABek, Segik, EHAK-k, ezker abertzalearen Udalbiltzak eta EHEk, besteak beste. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak lanuztea egiteko dei egin zuen aste honetan.
Gaur egun, Askatasunak eman dituen datuen arabera, 605 preso politiko daude. Haietatik, 19 baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Senideek eta lagunek bisitetako joan-etorrietan urtero milioi kilometrotik gora egiten dituzte.
Euskal presoak
Etxerat "pozik" herritarrek euskal presoen aldeko lanuzteari emandako erantzunarekin
12:00etatik 13:00etara izan da ekimena eta hainbat erakundek bat egin dute deialdiarekin. Donostian PSE-EEren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, "horiek direlako espetxe politika indarrean mantentzen dutenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu