Etxerat elkarteak beste behin gogorarazi du “presoaren eskubidea” dela ezarria dioten zigorra etxetik ahalik eta hurbilen betetzea ; “horrela jasotzen dute nazioarteko zuzenbide arauek”. Euskal presoen senitartekoak biltzen dituen Etxerat Elkarteak agerraldia egin du euren senitartekoek jasaten duten sakabanaketa salatzeko eta Auzitegi Nazionalak Carlos Trenor presoaren helegiteari emandako erantzuna baloratzeko. “Honek betidanik susmatu izan dugunera garamatza: erabakia ez da auzitegiena, gobernuarena baizik”.
Etxerat-en irudiko, euskal presoak kartzelan desberdinetan banatzearekin batera, presoak urruntzea du helburu sakabanaketa politikak. “Urrutien dauden kartzelek hartzen dute preso gehien”. Etxerat-en datuen arabera, 700 kilometrora baino gehiagora 330 euskal preso daude. Esaterako, Andaluziako (Espainia) kartzelatan, ia mila kilometrotara, 57 daude. Zehaztu dute berdin sakabanatzen dituztela zigorra jaso duten presoak zein oraindik epaitzeko daudenak.
“Hau zigor eta xantaia operazio bat da”, adierazi dute , “ETA desegiten denean amaituko dela baitio espainiar estatuak”. Xantaia horren hartzaileak presoak ez ezik, beraiek ere badirela salatu dute. "Presoaren ingurumaria afektibo guztiak eta familiek pairatu behar ditugu sufritzera derrigortzen gaituzten higadura fisiko, psikiko eta ekonomikoaren ondorioak".