"Muturreko borroka da hau, bai. Baina, zoritxarrez, gure senide eta lagunak behartuak izan dira halako erabaki bat hartzera". Hala azaldu dute Etxerat elkarteko kideek Sevilla II espetxeko presoen egoera. Ez da berria, ordea. Salatu dutenez, "aspalditik" dituzte "muturreko" bizi baldintzetan: bakartze moduluan beti, jarduerarik gabe, miaketetan gorputz osoa ukituz, "tentsio une handiekin"... Arkaitz Belloni, esaterako, jipoi bat ere eman zioten espetxeko funtzionarioek.
Presoek berek eskaturiko neurriak ekarri ditu gogora Txus Goikoetxea presoaren bikotekide Onintza Lopez de Munainek, gaur goizean egindako agerraldian: "Bakartzea amaitzea, euskal preso politikoak elkarrekin jartzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea eta etengabeko jazarpen eta erasoak amaitzea". Sakabanaketa politika bukatzea dago, ordea, eskaera horien atzean, Lopez de Munainen esanetan, horrek modua ematen baititu halakoak gerta daitezen. "Horretarako, ezinbestekoa izango da konponbidearen eta eskubideen alde pausoak ematea".
Etxeberriak eta Gonzalezek ere utzi egin behar izan dute
Gaur 23. eguna bete dute protestan Sevillako euskal presoek, eta zortzik jarraitzen dute gose greban. Urtzi Paulek utzi egin behar izan zuen, osasun arazoak zirela-eta, eta hala gertatu zaie Garikoitz Etxeberriari eta Manu Gonzalezi ere. Orain, itxialdian dira, Javi Agirre eta Iñaki Arakamarekin batera. Baraurik jarraitzen dute Iker Agirrek, Gurutz Agirresarobek, Koldo Apariciok, Asier Arzallusek, Juan Mari Etxebarrik, Jesus Goikoetxeak, Juan Lorenzo Lasak eta Roberto Lebrerok.
Manifestazioa larunbatean, Iruñean
Hainbat ekitaldi egiten ari dira herriz herri egoera hori salatzeko; horien artean, itxialdia Iruñeko San Lorenzo elizan. Gaur goizean egin dute agerraldia bertan diren dozena bat lagunek, dinamikaren nondik norakoak azaltzeko. "Hau gure ekarpen xumea besterik ez da", esan dute, "minutu bat bera ere" ezin dela galdu ohartaraziz.
Gaurtik aurrera, batzarra egingo dute egunero, 19:00etan, eta harremanak hasiko dituzte sindikatu eta eragileekin. Bi hitzaldi ere egingo dituzte asteazkenean eta ostegunean, 19:15ean, Aralarren egoitzan. Isolamenduari eta espetxeko baldintzei buruzkoa bata, eta sakabanaketaren ingurukoa bestea. Horrez gain, manifestaziora ere deitu dituzte herritarrak larunbaterako. 17:00etan irtengo da Iruñeko autobus geltoki zaharretik, "estatuaren jokabide ankerra salatu eta gose grebalariei elkartasuna adierazteko".