Euskal presoen eskubideen aldeko nazio manifestazio isila egingo dute larunbat honetan Bilbon (17:30, Aita Donostia), Etxerat presoen senideen elkarteak antolatuta, eta erakunde horrek gaur agertu du "benetako presio soziala" eratu beharko litzatekeela, Espainiako eta Frantziako estatuen "espetxe politika ankerra" bukatzeko. Dei egin du manifestaziora azaltzeko.
Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eta biziarteko zigorrik ez jartzeko eskatuko dute larunbatean, baita presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko ere. "Estatuek egunero urratzen dituzte presoen eskubideak, eta horien kontrako jazarpena ere egunerokoa da", esan du Jone Artola Etxerateko eledunak, prentsaurrekoan. Besteak beste, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa eta Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi izandakoa izan dira agerraldian.
Ezker abertzalea, Aralar, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, Lokarri, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Ikasle Abertzaleak, Presoen Aldeko Kolektiboa edota Euskal Herrian Euskaraz-ek jakinarazi dute larunbateko manifestazioan izango direla. Etxerat atxikimenduak biltzen ari da eta orain arte 2.947 bildu ditu.
Aralarrek gaur bertan egin du deia. "Euskal Herriko gatazka politiko luzean presoena da alderdirik mingarrienetakoa, eta Espainiako Gobernu ezberdinek politika zekena darabilte gai honen gainean. Sakabanaketa politikak euskal presoen giza eskubideak urratzen ditu, alde batetik, baina haien senitartekoei ere inork merezi ez duen zigorra eransten die. Hori dela-eta, Aralarrek sakabanaketa politika bertan behera uzteko eskaera zabaldu nahi du", esan du.
Euskal presoak
Etxeratek "benetako presio soziala" eratu nahi du, "espetxe politika ankerra" bukatzeko
Presoen senideen elkarteak dei egin du larunbatean Bilbon egingo duten manifestaziora azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu