Gaurtik hasi eta igandea bitarte euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Etxeratek. 20 urte igaro dira Espainiako eta Frantziako gobernuak euskal presoak Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetara eramaten hasi zirenetik. Etxeratek antolatutako hitzaldi eta ekitaldien bitartez herritarrei presoek eta haien familiek bizitzen duten egoera zabaldu eta, era berean, salatu nahi du.
Gaur emango die hasiera, Gasteizen egingo duten hitzaldiarekin. Datozen egunetan Santurtzi (Bizkaia), Iruñea, Donibane Garazi eta Donostian egongo dira. Igandea Durangoko (Bizkaia) Landako gunean azken ekitaldia egingo dute: “Sakabanaketaren amaiera eskatzen duten pertsona eta eragile guztiei bertara joateko gonbitea luzatzen diegu. Guztion indar metaketa ezinbestekoa izango baita giza eskubideen kontrako eraso larri eta etengabe honekin amaitzeko”.
Gaur egun dauden 770 euskal presoetatik, hamalau besterik ez dauzkate Euskal Herriko espetxeetan.
Etxeratek dio espetxe politika horren ondorioz 21 euskal preso hil direla Espainiako eta Frantziako kartzeletan. Hurkoak ikusi ahal izateko, preso bakoitzaren senide eta lagunek 1.223 kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzte astero, batez beste, eta hamasei pertsona hil dira presoak bisitatzeko bidaietan izandako istripuetan.
euskal presoak
Etxeratek euskal presoen sakabanaketa salatuko du igandera artean
Hitzaldi eta ekitaldien bidez, presoek eta haien familiek jasaten duten egoera gaitzetsi nahi du. Hogei urte bete ditu dispertsioak, eta gaur egun hamalau preso besterik ez dituzte Euskal Herriko espetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu