Euskal presoak

Etxeratek hautetsiei presoen eskubideen aldeko dekalogoa aurkeztu die

Politikari bakoitzak bere herritik "euskal presoen defentsa hartzea" nahi du elkarteak.

2007ko apirilaren 25a
15:56
Entzun
Etxerat-ek euskal hautetsiek maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetatik aurrera preso politikoei buruzko konpromisoa izan dezaten nahi du eta, hala, presoen eskubideen aldeko dekalogoa aurkeztu die gaur, Iruñean, prentsaurrekoan.

Dekalogoa hautetsi bakoitzari zuzenduta dago, “eskubideek siglez ulertzen ez dutelako”, Estanis Etxaburu Etxerateko bozeramaileak esan duenez. Bakoitzak bere herritik "euskal presoen defentsa hartzea" nahi du Etxeratek, eta politikari bakoitzak bere kontzientziaren arabera joka dezala, ez euren alderdien exekutibaren esanetara.

Etxeratek duela aste batzuk egin zuen batzar nagusian gizarteari presoen testigantza ematen jarraituko duela esan zuen eta konpromisoen bila joango zela ere bai, eta horren baitan kokatu dute gaur aurkeztu duten ekimena.

Politikariei ez ezik, gizarteari ere dei egin diote, “presoen eskubideen alde presio egin dezaten”, baita hileko azken ostiraleko ekimenetan parte hartzeko ere. Izan ere, Etxeraten ustez, euskal erakundeetan eta alderdietan “isiltasun konplizea” darabilte. “Azkeneko 30 urteak hitz hutsaren aroa izan dira”, adierazi du Etxaburuk.

Etxerat-eko arduradunez gain, Bautista Barandalla presoaren neska-laguna, espetxean 26 urte daramatzan eta Parot doktrina ezarri dioten Jon Agirreren lagun Ramon Urizalki, Oihane Errazkin ETAko kide hildakoaren aita Manu, bisita batean errepidean ama eta anaia hil zitzaizkion Jone Balerdi, aurten Bilboko manifestazioan Ertzaintzaren kolpeak direla-eta oraindik ibiltzeko arazoak dituen Maria Murgoitio, eta 27 urte espetxean bakartuta eman dituen Jose Maria Sagardui Gatza-ren aita egon dira.

Etxerat-en dekalogoan ageri diren eskubideak



- Tratu duin eta begirunezkoa jasotzekoa.

- Osasun eskubidea.

- Komunikazio eskubidea.

- Hizkuntz eskubidea.

- Hezkuntza eskubidea.

- Amatasun eta aitatasun eskubidea.

- Askatasunerako eskubidea.

- Defentsarako eskubidea.

- Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa Euskal Herrian eta elkarrekin bizitzeko eskubidea.

- Kolektiboak izendaturiko mintzakidetzaren aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.