Gaur Etxerat elkarteak esan duenez, Iñaki de Juana euskal presoa larri dago, gose greba luzearen ondorioz edozein unetan gorputzeko organuren batek hutsegin diezaioke eta, beraz, De Juana hil egin daiteke. Horregatik, hura aska dezatela eskatzeko, udaletxeetan mozioak sartuko ditu Etxeratek.
Gaurkoa 71. eguna du De Juanak gose greban; hain zuzen, abuztutik daraman bigarren gose greban. Aurrenekoan 63 egun egin zituen eta, bi iritzi artikulurengatik 12 urteko kartzela zigorra jarri ondoren, berriro ekin zion protestari. Madrilen 12 de Octubre ospitalean daukate Espainiako segurtasun indarrek. "Bere borondatearen kontra elikatzeko, 10-12 orduz izaten dute lotuta", esan du gaur haren senide Irati Aranzabalek.
Lehen gose greba iazko abuztuaren 7an hasi zuen presoak, eta orduan 90 kilo pisatzen zituen, Etxeratek emandako datuen arabera. Orain, berriz, 59 kilo.
Estanis Etxaburu Etxerateko bozeramaileak Espainiako Gobernuaren espetxe politika aldatzea eskatu du, "politika hiltzailea delako". "Bakea eta elkarrizketaren alde" azaltzen diren hainbat sektore kritikatu ditu, "presoen eskubideen alde ez direlako azaltzen hileko azken ostiraleko ekimenetara". Euskal presoen kontrako politika ere "indarkeria mota bat" dela esan du Etxerateko bozeramaileak. "EAJk eta Espainiako Gobernuak sakabanaketa politika hiltzailea sinatu zutela 20 urte" bete direla gogoratu du.
Euskal presoak
Etxeratek udaletxeetan mozioak sartuko ditu, De Juana askatzeko eskatuz
Euskal presoak gose greban 71. eguna du gaurkoa eta Etxeratek esan du hura edozein unetan hil daitekeela. Espainiako Gobernuaren espetxe politika aldatzea eskatu du, "politika hiltzailea delako", eta hori ere "indarkeria mota bat" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu