Euskal presoak

Etxerateko kideak kanporatu egin dituzte Donostiako udalbatzarretik, De Juanaren mozioa dela-eta

Preso donostiarraren egoerari buruzko mozioa tramitatu ez izana leporatu diote Udalari. "Udal taldeen jarrera lotsagarria da. De Juana donostiarra da, eta udal taldeek badute erantzukizunik, baina ez dute ezer egiten", esan dute presoen senideen elkartekoek. Euskal kulturako talde bat bihar 12 de Octubre ospitalera doa, De Juanaren egoera salatzera.

2007ko urtarrilaren 30a
14:39
Entzun
Etxerat elkarteko 50 bat kide gaur Donostiako Udaletxera joan dira, Iñaki de Juana presoaren egoerari buruz Udalak mozioa tramitatu ez izana salatzera, eta Udalak kanporatu egin ditu, Udaltzaingoaren bidez.

Goizeko hamarrak aldera Etxeratekoak udalbatzarrean "Iñaki gose greban. Elkartasuna" edota "askatasuna Iñakirentzat" oihu eginez hasi dira. "Iñaki de Juana hiltzear, Udala isilik" pankarta ere bazeramaten. "Udal taldeen jarrera lotsagarria da. De Juana donostiarra eta udal taldeek badute erantzukizunik, baina ez dute ezer egiten", esan dute presoen senideen elkartekoek. Udalbatzarra hamar bat minutuz moztuta egon da eta orduan kaleratu dituzte Etxeratekoak udaltzainek. Tentsio uneak bizi izan dira.

De Juana bigarren gose grebaren 85. eguna du gaurkoa. Auzitegi Nazionalak 12 urteko kartzela zigorra jarri zion, bi iritzi artikulurengatik, eta presoaren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenera helegitea sartu zuen. Gorenak otsailaren 12an aztertuko du kasua eta De Juana, bitartean, behin-behinean dago preso. Defentsak baldintzarik gabe libre uztea eskatzen du, Fiskaltzak lau urteko zigorra eta AVTk 96koa.

Lehengo astean Auzitegi Nazionalak De Juana behin-behinean kartzelan mantentzea erabaki zuen, 12 de Octubre ospitaleko -han daukate presoa- mediku txostenak presoak gose grebagatik "hiltzeko arrisku handia" duela esan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.