Etxeratze agindua 19:00etara gibelatuko dute Iparraldean

Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan du egoerak okerrera egin duela: «Hirugarren olatuan gaude». Larunbatean sartuko da indarrean neurria. Frantziako hamasei departamendutan konfinamendua ezarriko dute sei astez.

Etxeratze agindua Baionan, iragan urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 18a
19:26
Entzun

«Gure kezkak bete dira: pandemiak gora egin du berriro ere»: hitz horiekin hasi zuen atzoko agerraldia Jean Castex Frantziako lehen ministroak. «Hirugarren olatuan gaude», segurtatu zuen. Erresuma Batuko aldaera «indartsuagoa eta larriagoa da», haren arabera.

Horregatik, «lekuan lekuko» neurriak hartuko dituzte. Frantziako hamasei departamendutan konfinamendua ezarriko dute, lau astez: besteak beste, Parisen. Eskolak eta kolegioak irekiak izango dira, baina lizeoetan klaseak Internet bidez egin beharko dituzte osoki. «Beharrezkoak ez diren» saltokiak ere itxiko dituzte, baina liburu eta disko saltegiek irekirik segitzen ahalko dute. Konfinatuak diren herritarrek aukera izango dute etxetik 10 kilometroko tartean mugitzeko, ordu mugarik gabe. Ateratzeko, agiri bat beharko dute. Intzidentzia tasa apalagoa duten lekuetan, berriz, etxeratze agindua atzerata erabaki du Castexek; 18:00etan ezarria zuten urtarrilaren 16etik. Hala, Ipar Euskal Herrian, larunbatetik aitzina, 19:00etan izango da etxeratze agindua.

Orain hartutako neurri horiek lau astez iraungo dute gutxienez. Denbora tarte horretan txertatze kanpaina bizkortu nahi du Castexek. Haren ustean, AstraZenecaren txertoa jartzeari uzteko erabakia «zuhurra» izan da. Sendagaien Europako Agentziak «segurua eta eraginkorra» dela ebatzi du, arratsaldean. Gaur goizean, Frantziako Osasun Aginte Gorenak berriz emango du erabiltzeko baimena, eta arratsaldean bertan hasiko dira AstraZenecaren txertoa jartzen berriz. Castexek berak gaur jarriko duela esan du.

Apirilaren erditik aitzina 65 urtez gorako herritar guztiei irekiko diete txertaketa. Maiatzetik aurrera, 50 urtez gorako guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.