EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak etxeratze prozesu artikulatua garatzeko lege-baliabideak erabiltzeko prestasuna agertu zuen 2013ko abenduan. Kolektiboak norabide horretan hartutako erabakiak babeste aldera, ehunka preso ohik agerraldia egin dute Usurbilen, Abian da bidea manifestuaren berri emateko.
Manifestu horretan, EPPKri eta EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari sostengua helarazten diote sinatzaileek, eta EPPKren esku uzten dituzte etxeratze bidean hartu beharreko erabakiak. Mila inguru dira agiriari atxikimendua adierazi diotenak, eta webgune batean bildu nahi dituzte kide ohi gehiagoren sinadurak.
Usurbilgo agerraldian, adierazi dute presoekin bat egiten dutela "jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan".
EPPK-k 2013ko abenduko agiria plazaratu ostean, preso guztiek egin zituzten espetxe aldaketarako eskaerak, edo preso gaixoen kaleratzea edo baldintzapean aske uzteko eskariak. Urrats horiek balioa izan dezaten, baina, euskal gizartearen parte hartzea behar dutela nabarmendu dute: "Foro Sozialaren gomendioekin bat egitea deliberatu zuen EPPK-k, eta sostengu hori molde zehatz eta eraginkorretan gorpuzteko garaia heldu dela deritzogu». Preso eta iheslarien etxeratzeko ardura, haiena ez ezik, gizartearena eta instituzioena ere badela defendatu dute: «Salbuespen legedien indargabetzea eta euskal jendartearen borondatea errespetatzea eskatzen du, baita instituzioen aldetik goren mailako eta askotariko adierazpenak ere".