Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du herrialdean etxeratzeko agindua luzatzea, abuztuaren 5era arte. COVID-19aren intzidentzia handia duten udalerrietan, debekatuta egongo da 01:00etik 06:00etara kalean ibiltzea asteburuetan, jai egunetan eta jai bezperetan. Ebazpenaren arabera, neurria «egokia eta eraginkorra» da izurriari aurre egite aldera, eta horregatik eman diote oniritzia, egun Nafarroan dagoen egoera epidemiologikoaren ezaugarriak aintzat hartuta.
Ebazpenenean nabarmendu dute, gainera, «neurriz» hartutako erabakia dela, ez duelako pertsonen mugimendua mugatzen herrialde osoan, baizik eta toki jakin zenbaitetan bakarrik, eta osasun publikorako onuragarriak diren irizpideak erabilita beti horretarako.
Izurriari aurre egiteko egun Nafarroan indarrean dauden gainerako murrizketak irailaren 2ra arte luzatzea ere ontzat jo du justiziak: ondorioz, hamar lagun baino gehiagoko topaketarik ezingo da egin, eta zezenekin lotutako ikuskizunak, kalejirak eta herri bazkariak galarazita egongo dira ordura arte.