Gizarte babesa

Etxerik gabeko mila lagun inguru artatu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Lehen Urratsa izeneko programa jarri dute abian, larrialdi egoeran aterpetutakoei gizarteratzen laguntzeko.

Etxerik gabekoentzako programan dauden zenbait gazte, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 5a
13:04
Entzun

2018ko urrian, etxerik gabekoak hautemateko bi urtean behin egiten den ikerketan, etxetik gabeko 430 pertsona zenbatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kalkulatu zuten orotara 700 bat izan zitezkeela kalean bizi zirenak. COVID-19aren izurria zabaldu zenean, ordea, etxerik gabeko mila lagun inguru hartu behar izan zituzten hiru herrialdeetako hiriburuetan, haientzat atonduriko frontoi, kiroldegi eta bestelako azpiegituretan. Rafael Lopez Arostegi Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko aholkulariak esan duenez, horrek esan nahi du COVID-19aren krisiak azaleratu dituela detektatu gabe zeuden etxegabeak, eta, gainera, bazterketaren ertzean zeuden batzuek kalean amaitu dutela, lehen zeuzkaten ditu iturri apurrak krisiaren ondorioz galdu dituztenean.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Sailak eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek Lehen Urratsa programa aurkeztu dute, pertsona horiei babesa eta laguntza emateko asmoz prestaturikoa. Beatriz Artolazabal sailburuak esan duenez, COVID-19ak ondorio latzak ekarri ditu, baina «etxerik gabekoei laguntzeko aukera ere» zabaldu du egoera berriak.

Bi milioi euro inguru bideratuko dute programa horretara. Horren asmoa da etxerik gabekoei hiru arlotan laguntzea: etxebizitza beharra asetzea, baliabide ekonomikoak eskuratzen laguntzea, eta gizarteratzea.

Elkarteetako ordezkariek azaldu dutenez, lau soslai nagusi daude etxerik ez dutenen artean: batzuk kalean denbora luzea emandako gizonezkoak dira; beste batzuk, «gizarte bazterketa larrian» dauden emakumeak, babes eta segurtasun behar larria dutenak; etorkin gazteak ere badaude, adin txikikoak izan diren bitartean erakundeen babesa izan dutenak baina adin nagusitasuna eskuratutakoan kalean lotu direnak –haietako batzuk gizarteratze programetan zeuden, baina programa horiek bertan behera utzi dituzte pandemiaren ondorioz, eta orain berreskuratu behar dituzte–. Azkenik, droga menpekotasuna edo gaixotasun mentalak dituztenak ere badaude, beharrizan berezi eta zehatzak dituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.