Araua argia da, teorian: norbere herriak 5.000 biztanle baino gehiago baditu, herritarrak ordutegi mugatua du paseoan edo kirolean aritzeko, eta ezingo da herritik atera. Baina errealitatea zailagoa da, batez ere dentsitate handiko Euskal Herrian, non kale batzuetan ezkerreko atariak herri batean dauden eta eskuinekoak beste batean. Zer egin orduan?
Askok egin diote galdera euren buruei, atzotik, Gorlizen eta Plentzian (Bizkaia), esaterako.
Plentziak 4.300 biztanle inguru ditu, eta herritarrak nahi izan duten orduan atera dira kalera azken orduotan. Hondartza bera dute Plentziak eta aldameneko Gorlizek, eta itsas paseo bera, eta bidegorri bera.
Baina ibiltzera ateratzen diren plentziarrek mezu honekin egiten dute topo bidearen erdian: Gorlizera heldu dira, eta ezin dute pasieran jarraitu. Gainera, Gorlizek 6.000 bat biztanle ditu, eta han mugatuta dago kalean ibiltzeko ordutegia.
Gorlizko udaltzainek jarri dute mezua, eta baita kontrolgune bat ere bi herrien arteko mugan.
Ibiltari batzuek buelta hartzen dute han, isunaren beldur, hondartzaren amaierara heldu ezinik; izan ere, kutsatzeko arrisku txikia izan arren, ez dago jenderik ia paseoaren beste aldean. Beste batzuek, ordea, pentsatu gabe zeharkatzen dute muga ikusezina, udaltzainen begiradapean.
Madrilen pentsaturiko erabakiak Gaztela zabalerako balioko du, agian. Baina halako egoerak sortzen ditu Euskal Herri txiki eta trinkoan.