EGURALDIA

Etzegarate eta A-15 itxita daude elurragatik

Mardul ari du elurra, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, eta errepideetan eragozpen ugari sortu dira. Sare nagusian, N-1 autobidea eta A-15 itxita daude Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Errepidera ez irteteko deia egin du Nafarroako Gobernuak.

YA elkarteko erreskatezerbitzuaren auto bat, Etzegaraten (Gipzkoa), 1-Nean. GIPUZKOAKO DYA
2018ko urtarrilaren 6a
19:44
Entzun

Eguerditik aurrera apenas geldiunerik gabe ari da elurretan, eta arazoak pilatzen ari dira errepideetan. Nafarroa erdialdean abisu gorria eman dute goizaldera arte. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian alerta laranja ezarri dute, eta Nafarroako Erriberan, Pirinioetan eta Nafarroa iparraldean ere bai. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abisu horian daude.

Iruñerrian gorabehera handiak izan dira eguerdian, eta, besteak beste, Belateko tunelak ere itxi egin dituzte. N-121-A errepidean galarazi egin dute kamioien zirkulazioa. Sare nagusiari dagokionez, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko errepideetan izan dira gorabehera handienak: A-15ean arratsaldean eta iluntzean sortu dira arazo handiak, eta itxita egon da; arratsean N-1 autobidea ere zarratu dute, Etzegaraten. Hainbat ibilgailu geratu dira gurutzatuta bidean.

Bigarren mailako errepide ugaritan sortu dira eragozpenak: itxita daude hamarnaka mendate, eta bigarren mailako errepide ugari daude elurrak hartuta; zuhaitzak erorita eta horrelako ezbeharrak ere izan dira.

Beharrezkoa ez bada errepidera ez irteteko aholkua zabaldu dute erakundeek. Hala egin behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren trafiko webguneak kontsultatzea komeni da aurretik.

Elurra egin ez duen inguruetan, euria izan da. Abisu horia ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan euriteengatik, igande eguerdira arte. Prezipitazio iraunkorra eta ugaria espero da, eta Gipuzkoa ekialdean metro karratuko 80 litro ere egin ditzake.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, goizaldean mardul egingo du prezipitazioa; elurra 700 bat metrotik gora espero dute. Igande goizean espero dute atertzera joko duela, baina arratsaldean berriro hasiko du. Ordurako, hala ere, espero dute tenperatura igo egingo dela zerbait, eta, hortaz, elur maila goratu egingo dela.

Euriteen ondorioz, kostaldean abisu horia dago emana. Hiru eta lau metro arteko olatuak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.