Sexu erasoak

Etzi hasiko da Gazteluetako maisuaren aurkako epaiketa

Salaketan bat datozen arren, familiaren defentsak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du eta fiskalak 3koa. Instrukzio epaileak sinesgarritasuna eman dio salaketari, eta delituen larritasuna dela-eta, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaimahai batek epaituko du.

Leioako Gaztelueta ikastetxea. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2018ko urriaren 2a
16:58
Entzun

Auziari bide eman dioten sexu erasoak 2009. eta 2010. urteetan gertatu ziren. Salatzaileak hamabi urte zituzen orduan. Opus Deirekin lotura dauka ikastetxeak eta mutilak baino ez dituzte onartzen; Leioan dago (Bizkaia). Familiaren defentsaren eta fiskalaren txostenaren arabera, auzipetutako irakasleak banakako tutoretza saioak egiten zituen ikasle batzuekin, eta haietan egiten zituen sexu abusuak: orduan ikastetxeko ikasle zenak salatu zuenez, besteak beste, neska biluzien irudiak erakusten zizkion, jantzietako botoiak askatzeko eskatzen zion, eta ukituak egten zizkion.

Kontakizunean bat datoz familiaren abokatu Leticia de la Hoz eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiko fiskala. Zigor eskaeretan, aldiz, aldea dago batzuen eta besteen artean, biek leporatu arren "sexu abusuak" egitea "modu jarraituan": familiak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du kasuaren inguruabarrak kontuak hartuta —adingabea izatea, irakaslea izatea, besteengandik bananduta zeuden uneak baliatzea...—, eta fiskalak 3 urteko espetxealdia eta 40.000 euroko kalte-ordaina.

Maisuaren abokatu Eduardo Ruiz de Erentxunek, berriz, bere bezeroaren absoluzioa galdegin du. Azaldu du salaketan kontatzen direnak egiazkoak ez direla eta ez direla inoiz frogatu; besteak beste, haren ikasle izandako inork ez duela inoiz salatu sexu erasoengatik. Ruiz de Erentxun ezaguna da, besteak beste, 2008ko sanferminetan Nagore Laffage hil zuen Diego Yllanesen defentsa egiteagatik.

Sumarioak 2011n jarritako salaketa batean dauka oinarri. Orduan Adingabeen Fiskaltzak ikerketa eten zuen, mutilaren egoera psikologikoa dela-eta ikerketarekin aurrera egiteko zituen zailtasunengatik. 2015ean prozesu kanoniko bat irekitzea lortu zuen familiak, baina bide hori itxi zuen Eliza Katolikoak.

2015eko udan jarri zuen kereila batekin ekin zion berri familiak Justiziaren bideari. Getxoko Auzitegiak egin du instrukzioa, eta horko epaile batek agindutako peritu txostenak sinesgarritasuna eman zion salatzailearen testigantzari. Salatutako delituak direla eta, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaimahai batek epaituko du kasua. Auzi saioak irekiak izango dira.

Aurreikusita dago sei saio egitea eta urriaren 11n amaitzea epaiketa. Salatzaileak deklaratuko du aurena, babestuta, bionbo baten atzean. Ondoren, bi aldeek aurkeztutako lekukoek hartuko dute hitza; besteak beste, ikaskide izandako hainbatek. Azken aurreko saioan lau psikologo eta psikiatrek euren peritu txostenak aurkeztuko dituzte; horien artean, salatutako gertaerak jazo zirenetik mutila artatu duen psikologoarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.