Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak etzi egingo duten osoko bilkuran jakinaraziko du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatuko duten eguna. Maiatzaren 4a eta 6a artean izango dela jakinarazi du Quirogak, baina zenbait berria agentziek maiatzaren 5ean izango dela adierazi dute.
"Ez dago Lopezen saioa atzeratzeko arrazoirik. Gobernu bat behar dugu, lehenbailehen erabakiak hartzen hasiko dena. Legebiltzarretik herritarren nahiarekin zentzudun jokatu behar dugu", esan du Quirogak.
Honek gaineratu du lehendakaria hautatzeko bozketa ez dela orain arte bezala elektronikoa izango. Legebiltzarkideek bi hautagaien -Lopezen eta Juan Jose Ibarretxeren- aldeko bozka zutik jarri eta babesten duten hautagaiaren izena esanez bozkatuko dute.
EAJri Lopez lehendakari izendatzeko eguna atzeratzen aritzea leporatu diote sarri PPk eta PSE-EEk. Quirogak, alderdien artean polemika egon den arren, "garrantzitsuena herritarren interesak alderdien interesen gainetik defendatzea" dela adierazi du.
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, berriz, bihar 11:00etan biltzekoak dira. Apirilaren 1ean PPk eta PSE-EEk akordioa lortu zutenetik Lopez eta Basagoiti biltzen diren lehen aldia da. Eusko Legebiltzarrean gehiengo berri "egonkorra" dutela finkatzea du xede bilkurak. Bilboko PSE-EEren egoitzan egingo dute bilera.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako jarduneko eledunak gobernu berria "frontista" izango dela nabarmendu du: "Espainiako interesak euskal gizartearen erabakiaren gainetik jarri dituzte".
Bateraezintasun Batzordearen bilera etzi
Eusko Jaurlaritzako Bateraezintasun Batzordearen txostena osteguneko osoko bilkuran onartuko dute. Eguerdiko hamabietatik aurrera, hain zuzen ere.
Lehen aldiz botoaren delegazioa egin ahal izango da; hau da, legebiltzarkide batek beste baten ordez bozkatu ahal izango du. Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkidea amatasun bajan dago eta bere botoa Jose Antonio Pastor alderdiko kidearen esku utziko du.
Politika
Etzi jakinaraziko dute Patxi Lopez lehendakari noiz izendatuko duten
Inbestidura saioa atzeratzeko arrazoirik ez dagoela adierazi du Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Ziurrenik maiatzaren 5ean egingo da inbestidura saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu