Samina eta larritasuna eragin zuen herritar askorengan Gurutze Iantziren heriotzak, eta harena bezala heriotzean bukatuko zen beste berri bat etorri zen egun hartan bertan. Bezperan jakin zuen Xabier Kalparsoro Anuk-en familiak Durangon (Bizkaia) atxilotu zutela udaltzainek 26 urteko gaztea. Hara joan, eta Espainiako Poliziak Indautxuko polizia etxera eraman zuela esan zieten. Indautxura iristerako, ordea, Basurtuko ospitalean zuten. Handik bi egunera hil zen, hilaren 26an.
Bertsio ofizialaren arabera, polizia etxeko leihotik bota zuen bere burua, ihes egiteko saiakeran, inkomunikatuta zutela. Hala izan zuten ospitalean ere, koma egoeran. Hilabete lehenago, ordea, abuztuaren 30ean, Anuk goitizenez deitutako euskal iheslari bat atxilotu zutela zabaldu zuen Egin egunkariak. Ondoren ETAk jakinarazi zuen gutun bat idatzi ziela Kalparsorok, “polizia indarrek bahitu, torturatu eta drogatu” egin zutela salatuz. Ustez Ertzaintzak Laudion (Araba) atzeman zuela jakin zuten gero senideek. Lau guardia zibil zigortu zituzten bi urtera, baina inork ez zuen zigorrik bete.
Hogeigarren urteurrenaren harira, Kalparsororen inguruko erreportajea argitaratuko du bihar BERRIAk.