politika

Eudel uzteko mehatxua egin dute PSEko hautetsiek

Salatu dute Jokin Bildarratz presidentea (EAJ) "era partidistan" ari dela jokatzen. Asteazkenean bilera egingo du Eudelek, PSE-EEko hautetsien eskariz.

2010eko urriaren 8a
14:04
Entzun
Eudel udalen elkartetik ateratzeko mehatxua egin dute PSE-EEko hautetsiek. Haien arabera, Jokin Bildarratz presidenteak (EAJ) "era partidistan" jokatzen du: "Estrategia politiko bat markatzen du eta adostu gabeko gogoetak egiten ditu".

EAEko Udal Legearen harira sortu da eztabaida. Bildarratzek Jaurlaritzari leporatu dio borondaterik ez izatea lege hori onartzeko. Hori ez dute begi onez hartu PSE-EEko hautetsiek. Hala jakinarazi dute, besteak beste, Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Barakaldoko alkate Txarli Prietok: "Ez dugu nahi Eudel beste Udalbiltza bat bihurtzea, ezta erakunde baten aurkako botere bihurtzea ere".

Horiek horrela, jarrera berehala aldatzeko eskatu diote: "Jarrera eta jokamolde hori ez bada aldatzen, sozialistok pentsatuko dugu Eudelen exekutiban jarraitu edo ez, eta inoiz ez dugu baztertuko elkartetik ateratzea ere". Asteazkenean bilera egingo du Eudelek, sozialistek hala eskatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.