Eudel Euskal Udalen Elkarteak "irmo" gaitzetsi du Pereiraren hilketa. Horrez gain, gogoratu du heriotzek "emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren alderdi bat" besterik ez dutela erakusten: "Egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da".
Eudelen ustez, emakumeen aurkako indarkeria —izan psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa ala sexuala— "emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da", eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa "larri eta onartezina".
Erakundeek eta euskal gizarteak duten erantzukizunaz ohartarazi du elkarteak, eta udalerrietan berdintasuna "eraginkor" egiteko eskaera egin du: "Alde horretatik, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei begira, gure herritar gazteenei begira, alegia".
Biktimaren senide eta lagunei elkartasuna adierazi, eta Mungiako Udalak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du.