Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan koronabirusaren transmisio komunitarioak eteteko, eta pandemiak eragindako egoera era koordinatuan kudeatzeko ondu dute dekalogoa.
Udari begira osatu dute neurrien zerrenda, besteak beste, jende pilaketak eragin ditzaketen festak eragozteko. Udalen lana oso garrantzitsua dela nabarmendu dute, herritarrak kontzientziatzeko eta erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatzeko.
Dekalogoko jarraibideak udalerri bakoitzaren beharretara egokitu direla azaldu dute, eboluzio epidemiologikoari erantzuteko une bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatuz. Honako hauek dira puntuak:
- Herritarrei jende pilaketetan gaitza transmititzeko dagoen arriskuaren berri eman behar zaie jakinarazpen publiko guztietan. Herritarren erantzukidetasuna aipatzea ere gomendatzen da.
- Jaien edo ekitaldien programa ofizialak eragotzi behar dira. Kartelak edo bestelako bitartekoak ez dira sustatu behar.
- Gizarte eragileei edo bestelako taldeei adierazi behar zaie jaiak edo ekitaldiak ez antolatzeko.
- Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak (1,5 m) kontrolatzeko moduko kultura edo entretenimendu jarduerak eta ikuskizunak egiteko aukerak bakarrik eman ditzakete. Horretarako, beharrezko neurriak ezarri behar dira.
- Segurtasun neurriak ezin badira bete, saihestu egin behar da espazio publikoa erabiltzea azokako ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta postu ibiltarietarako edo antzekoetarako.
- Ostalaritza ixteko ordutegiak bete egin behar dira, horrela, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitzea eragotziko da.
- Identifikatu egin behar dira udalerrian arrisku gehien duten eremuak, baita pertsonen kontzentrazioak dituzten ordutegiak ere. Prebentzio neurriak izan behar dira, pertsonen zirkulazioa antolatu behar da eta espazioak pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde ahal izateko moduan banatu behar dira.
- Ordutegiak eta araudiak bete behar dituztela gogorarazi behar zaie txokoei, sozietate gastronomikoei, gazteen aisia lokalei eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazio guztiei. Arauak betetzen direla ere zaindu behar da.
- Sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, prebentzio neurriak ezarri behar dira: barrera mekanikoak, zaintza... Egun jakinetan, udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotu behar da, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko.
- Udalerritik kanpo pertsona pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio neurriak aktibatu behar dira: ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea, esaterako.