Eudel Euskal Udalen Elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Eudelek 15.000 euroko ekarpena egingo du urtero, Euskaltzaindiak udalei laguntza teknikoa eman diezaien, Onomastika alorrean bereziki. Gorka Urtaran Eudelen elkarte buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute akordioa, Euskaltzaindiaren Bilboko (Bizkaia) egoitza nagusian.
Akademia izango da lan horretatik sortuko den datu basearen egile eta jabe intelektuala. Hala ere, Eudelek datu basea kontsultatzeko sarbide zuzena izango du. 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean hitzarmena.
Eudelek jardungo du udalen eta Euskaltzaindiaren arteko bitartekari bezala. Tokiko erakundeek Euskal Udalen Elkartearekin jarri beharko dute harremanetan eskaerak helarazteko. Gero, Eudelek ezarriko ditu bideak eskaerok Euskaltzaindiari bidaltzeko.
Finean, akordio honen bidez udalek Euskaltzaindiaren laguntza jasoko dute Onomastika alorreko zalantzak argitzeko, eta orientabideak emango dizkiete toponimia azterketak egiteko baliatu behar diren jarraibide eta irizpide orokorrei buruz. Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du Euskaltzaindiak arlo honetan egiten duen lana: «Egunero egiten dugu lan euskara eta euskal kultura edonon duintasun osoz ager daitezen». Halaber, Gorka Urtaran Eudelen elkarte buruak adierazi du elkarlana garrantzitsua dela udalak eraginkorragoak izan daitezen dituzten eskuduntzak kudeatzerakoan. Azpimarratu du, garrantzitsua dela euskararentzat Onomastika alorrean egiten den lana: «Izena duena, bada. Horrek esan nahi du existitzen dela herri bat, aspalditik gainera, euskalduna dena».
Izendatzeko tresna
Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak eskuliburuaren berrargitalpena ere aurkeztu dute EUDELek eta Euskaltzaindiak. Andres Urrutiak liburuaren erabilgarritasuna nabarmendu du: «Gaur egun hainbat udaletan dauden ekimenei bide emango die». Liburua euskaraz idatzita dago, baina baita gazteleraz eta frantsesez ere. Izan ere, Urrutiak azaldu duenez, euskararen lurralde osoan hedatzea da asmoa. 2019an aurkeztu zuen lehenengoz eskuliburua Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunen baitan Gasteizen egindako Onomastika jardunaldian.