Eukalipto landaketa murrizten ari da Gipuzkoan

2019tik 2022ra gutxitu egin da espezie horren landaketa, baina epe berean hirukoiztu egin da moztutako eukalipto bolumena.

EUKALIPTOAK ELGOIBARREN
Eukalipto landaketak Elgoibarren (Gipuzkoa), 2021ean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko otsailaren 8a
17:15
Entzun

Azken urteetan behera egiten ari da Gipuzkoan eukaliptoaren landaketa. Hala diote Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuek. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berderako diputatuak azaldu du 2022 urtera arteko datuak jasotzen dituen txostena. 2022an eukalipto hektarearen kopurua 2019an baino hiru aldiz handiagoa bazen ere, gero eta gutxiago ari da landatzen. Izan ere, 2019tik 2020ra ia 600 hektarea eukalipto gehitu ziren Gipuzkoako basoetara, eta 2021etik 2022ra, berriz, 75 hektareakoa izan da hazkundea.

Hala, 2022an 1.575 hektarea eukalipto zeuden landatuta Gipuzkoan; 1996an, berriz, 213 ziren soilik. Landare espezie horren landaketa asko handitu da industriarako duen errentagarritasunagatik; azkar hazten den zuhaitz bat da.

Egun, eukaliptoek Gipuzkoako basoen azaleraren %1,29 hartzen dute. Espezie horrek ez ezik, landaketa kuota ia maila berean dute banatua bi zuhaitz talde nagusiek ere: koniferoek (%49,65) eta hosto zabaleko zuhaitzek (%49,06, eukaliptoak kontuan hartu gabe).

Landatutako eukalipto horien ustiapena, baina, gora egiten ari da etengabe. 2017an jo zuen goia, 4.329 metro kubo moztu baitziren, baina behera egiten hasi zen, 2019an 1.258 metro kubokoa izan baitzen ustiapena, bi urte lehenago moztutakoaren herena baino gutxiago. Hala ere, berriro gora egin du bizi-bizi, 2022an 2017ko mailara iritsi baitzen ia: 4.239 metro kuboko aprobetxamendua.

Ehunekoetan jarrita, 2019an moztutako egur kantitate guztiaren %0,001 zen eukaliptoa, eta 2022an, berriz, %0,006. 2014tik 2022ra bitartean 2018an moztu zen egur gehien, 1.081.428 metro kubo, eta 2016an, berriz, gutxien: 506.632, 2018an ustiatutakoaren erdia baino gutxiago.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Miren Etxebeste diputatuak —Elkarrekin Gipuzkoa— eskatu zuen txostena duela lau hilabete, eta gaur zuen Lurralde Oreka Berderako Sailak emaitzak aurkezteko azken eguna. Etxebestek egindako lana eskertu dio Arruti diputatuari, baina 2023ko datuak eskatu ditu. Izan ere, Bizkaian debekatuta dago eukalipto gehiago landatzea 2025eko abenduaren 31ra arte, eta talde moreko diputatuaren kezka zen debeku hori indarrean sartu zenetik Gipuzkoan landaketak gora egitea.

Jabe gehienak, txikiak

Eukalipto sailen jabetzari dagokionez, 2022an 10.000 jabe baino gehiago zeuden, eta horietatik %80k baino gehiagok hamar hektarea baino lursail txikiagoa zuten. Ia %20k dituzte hamar eta berrogei hektarea arteko lurrak, eta soilik %1,75ek dituzte 40 hektarea baso baino gehiago. Bestalde, adinduak dira gehienak, lurren titularren erdiak baino gehiago 70 urtetik gorakoak baitira. 50 urtetik beherakoak %16 dira soilik.

Eskualde bakoitzean dauden eukalipto hektareak ere jakinarazi ditu Arrutik. Urola Kostan dago gehien, 500 hektarea (Gipuzkoan landatua dagoen eukaliptoen %34). Debabarrenean 400 hektarea daude; Donostia-Beterrin eta Oiartzualdean batera, 376; eta Goierrin, 150. Debagoienean, 76 hektarea eukalipto dago landatuta, eta gutxiena, Tolosaldean, 54 hektarea.

Erlatiboki, baina, Debabarrena da eukalipto gehien duen Gipuzkoako eskualdea, baso eremuaren %3,68an baitago landatuta zuhaitz hori. Urola Kosta da hurrena (%3,04), eta Donostia-Beterri hirugarrena (%2). Hurrengo biak Goierri eta Tolosaldea dira; %0,84 eta %0,64 hurrenez hurren. Gutxiena, berriz, Debagoienan dago, baso azaleraren %0,43an.

Taldeen balorazioa

Txostena eskatu zuenak, Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebestek, adierazi du 2022an eremu txikia hartzen zuela eukaliptoak Gipuzkoan, eta pozik azaldu da horrekin; «horrela jarrai dezala», esanez amaitu du bere hitzaldia. Bizkaiko debeku horrek Gipuzkoan ez duela eraginik izango, hori uste duela erantzun dio Arrutik Etxebesteri, eta nabarmendu du 2023ko daturik ez dagoela oraindik.

Antzeko iritzia eman du Rafa Uribarren EAJko batzarkideak: uste du eukaliptoak oso eremu txikia hartzen duela Gipuzkoan, eta oso barreiatuta dagoela: «Pozez ikusten dugu». Uste du «argi eta garbi» esan daitekeela eukaliptoen landaketa ez dela larritzeko kontua, Gipuzkoan behintzat.

Eneritz Otamendi EH Bilduko batzarkidearentzat, berriz, nahiz eta eukaliptoaren hedapena handia ez izan, «zaindu beharreko kontua» dela uste du. Alberto Albistegi PSE-EEko batzarkideak, berriz, eskatu du hurrengo txostenean espezie exotikoen datu gehiago emateko, diagnostikoa osoagoa izateko eta bestelako hausnarketak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.