Euneiz (European University of Gasteiz) unibertsitate pribatu berria Gasteizen eraikitzeko lege proiektuak beste koska bat gainditu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota ondotik. EAJk, PSEk, PPk eta Voxek osoko zuzenketaren aurka bozkatu dute, eta EH Bilduk abstentziora jo du. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren lege proiektua tramitatzen jarraituko dute ganberan: proiektuari ekarpenak egiteko agerraldiak entzunda, taldeen zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte.
Gaurko saioan, Elkarrekin Podemos-IUren osoko zuzenketa izan dute eztabaidagai. Iñigo Martinez Zaton legebiltzarkideak salatu du Euneizek ez dituela betetzen euskal sistema unibertsitarioak ezarritako helburuak, eta ez dela bateragarria Espainiako Gobernuak onartu berri duen lege dekretuarekin. Hain justu ere, uda partean Espainiako Gobernuak dekretu bidez gogortu egin zituen goi mailako hezkuntza zentroak unibertsitatetzat hartu ahal izateko bete behar diren baldintzak, eta Euneiz ez da legedi berrira egokitzen. Horixe salatu du Elkarrekin Podemos-IUk bere zuzenketan, eta Jaurlaritzari eskatu dio atzera botatzeko lege proiektua, eta baldintza berrietara egokituko den beste bat aurkezteko.
Espainiako Gobernuaren dekretu berriak zentroek eskaini behar duten gutxieneko eskaintza akademikoa zehazten du: graduko hamar titulu, sei master eta bi doktoretza programa. Euneizek, ordea, graduko bederatzi titulu eskainiko ditu. Gainera, bost ezagutza adarretako gutxienez hiruk egon behar dute hezkuntza curriculumean jasota, baina Euneizek bi adar baino ez ditu hartuko. Argudio hori ez da izan Elkarrekin Podemos-IUk Euneiz unibertsitate pribatuaren aurka emandako bakarra. Martinez Zatonek salatu du unibertsitate horrek finantzaketa publikoa jasoko duela, eta hezkuntza ikuspuntu «merkantilista» batetik sustatuko dela, irabazi asmoa izango duelako.
EH Bildu abstenitu egin da bozketan, baina Ikoitz Arrese legebiltzarkideak argitu du koalizioak ez duela bat egiten unibertsitate pribatuaren egitasmoarekin. Lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio lege egitasmoari, bermatzeko Euneizek ez duela diru publikorik jasoko. «Euneiz bezalako unibertsitate pribatu batek, irabazi asmoa duenak, ezin dezake diru publikoa jaso, eta legeak argi utzi behar du hori». Horretarako, koalizioak galdegin du Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzea puntu horri dagokionez. Halaber, txosten juridiko berri bana egiteko eskatu die Unibasq agentziari eta Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, Euneizek Espainiako Gobernuaren lege berria betetzen duen argitu dezaten.
Arresek ohartarazi du proiektu horrek «alde ilun» asko dituela, eta salatu du «alfonbra gorria» jartzen ari zaiola unibertsitate horri EHUk espezialitate berberak eskaintzea sustatu beharrean.
EAJk, PSEk, PPk eta Voxek babestu egin dute unibertsitate berria eraikitzeko proiektua. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, berriz, adierazi du gobernuaren lege proiektuak indarrean den araudia errespetatzen duela.