Euriborra %3,715eraino igo da, eta batez besteko hipoteka 122 euro garestituko da hilean

Urtean 1.464 euro gehiago pagatu beharko dituzte asteotan mailegua gaurkotzen dutenek

2006ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gora eta gora hilabetez hilabete. Gustuko aldapan nekerik ez du hartzen Euribor indizeak eta etengabe garestitzen ari dira hipotekak: hurrengo hamabi hilabeteetan batez beste 1.464 euro garestituko zaie kuota asteotan maileguaren baldintzak gaurkotu behar dituztenenei. Ez da igoera makala. Hilean 122 euro gehiago.

Interes aldakorreko maileguetan erreferentzia moduan erabiltzen den Euribor indizea dago garestitzearen muinean. Azken lau urteetako mailarik altuenera iritsi da: %3,715era, zuzen esanda. Iazko uztaileko %2,219tik urruntzen ari da. Abiada bizian urrundu ere. Eta etxebizitza pagatzen dihardutenek erruz igarriko dute puntu bateko igoera. Batez besteko hipoteka mailegua 157.000 eurokoa da Hego Euskal Herrian. Dirua 25 urtean itzuli behar izanez gero, hileroko kuotagutxi gorabehera 682 eurokoa zen atzo arte.



DIRUAREN PREZIOA GORA. Gaurtik aurrera, ordea, hilero 804 euro ordaindu beharko dizkiote bankuari edota aurrezki kutxari. Are okerrago: Euriborrak gora jarraituko duela uste dute adituek.Europako Banku Zentralak diruaren balioa garestitzeari eutsiko baitio, eta abendu hondarrerako %4ren bueltan egotea espero delako. Familien zorpetzeak gero eta arazo larriagoa behar du, beraz.

Kezkatuta daude administrazioak. Premia da etxebizitza edukitzea, baina babes ofizialeko etxe nahikorik ez, eta merkatura jotzerakoan, ia bizitza osorako hipoteka sinatzen ari dira asko. Maileguak bezainbeste -edo gehiago- garestitzen ari dira etxebizitzak, gainera, eta gero eta zailagoa da hileroko kuotei aurre egitea.

Hipotekak sinatu, hilero milaka sinatzen dira Euskal Herrian, nolanahi ere. Joan den ekainean, esaterako, 4.797 mailegu hitzartu ziren Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. Finantza erakundeek, denera, 752 milioi euro utzi zizkieten eskatzaileei. Ekainean baino 252 milioi euro gehiago. Dezenteko gorabeherak egon ohi dira hil batzuetatik besteetara, baina Euriborrak ere izan du eragina, ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.