Euriborra igo egin da beste behin ere, eta urtea %4,796ko mailan amaitu du

Azken bi hilabeteetan behera egin arren, abendua 2000tik izan duen mailarik gorenean bukatu du

Miren Garate.
2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gutxi iraun du hipotekaren bat ordaintzen ari direnen ilusio eta itxaropenak. Urrian eta azaroan behera egin ostean, abenduan berriz ere joera aldatu eta igo egin da Euriborra. Hilabetea %4,796an amaitu du, 2000ko abendutik izan duen mailarik gorenean.

Azarotik abendura bitartean 0,189 puntu igo da hipoteka aldakor gehienek erreferentziatzat erabiltzen duten indizea. Iazko abenduko tasarekin alderatuz gero, berriz, ia puntu bat, orduan %3,912an baitzegoen. Hala, hil honetan hipoteka berritzea tokatzen zaienen poltsikoek ederki nabarituko dute aldea.

INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, 160.000 euroko hipotekak dituzte, batez beste, Hego Euskal Herriko biztanleek. Zorra kitatzeko epea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta gehiago garestitzen da hilean ordaindu beharrekoa. Beraz, hamar urterako dutenek hilean 68 euro gehiago ordaindu beharko dituzte aurrerantzean; 15 urterakoa dutenek 72 gehiago; 20 urterako dutenek, 77 euro gehiago; 25 urterako dutenek, 81; 30 urterakoek, 85 gehiago, eta 50 urterako dutenek, hilean 98 euro gehiago.

Adituen arabera, gainera, bide beretik jarraituko du datorren urtean ere. Indizea %5eko mailatik gora ibiliko dela uste dute, inoizko mailarik altuenetik gertu. «Sub prime krisiak irauten badu eta finantza krisia luzatzen bada, Euriborra %5etik gora ibiliko da, ia ziur», esan du Renta 4ko analistak. 2005eko abuztuan erdietsi zuen orain arteko errekorra Euriborrak. %5,284ra iritsi zen.

Euriborra EBZk ezartzen dituen interes tasetan oinarritzen da berez, eta finantza erakunde horrek interesak laster igoko dituen susmoa berriro piztu da. Jean Claude Trichetpresidenteak ere onartu du interes tasak uste baino epe luzeagoan mantenduko direla goian, inflazioaren arriskua dagoela argudiatuta.

Europako Banku Zentralak eta AEBetako Erreserba Federalak interes tasak orekatzea erabakitzea oso litekeena dela uste duenik ere bada. Biek%4an koka ditzaketela adierazi dute adituek. Hori horrela balitz, Euriborra %4,7 eta %5,2 artean ibiliko dela esan dute.



%4,88TIK GORA EREBAI. Eta hila, batez beste, %4,796an amaitu badu ere, maila horretatik gora ere ibili da Euriborra abenduan. Hilaren 17an, esaterako, %4,88ko balioa erdietsi zuen. Munduan dagoen likidezia arazoari aurre egiteko egitasmoa aurkeztu du munduko banku zentral garrantzitsuenek --AEBetako Erreserba Federalak, Europako Banku Zentralak, Ingalaterrako Bankuak, Suitzako Banku Nazionalak eta Kanadako Bankuak-- . Ordutik, goranzko joera eduki du.



ZenBaKIa

3,912

Iaz. 2006ko abendutik ia puntu bat igo da Euriborra. Orduan %3,912an zegoen; orain, %4,796an. Hipoteka gehienak urtean behin berritzen dira; beraz, abenduan egin behar dutenek dezente gehiago ordaindu beharko dute aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.