Euriborrak behera egin du, baina hipoteken kuotak ez dira merkatuko

Iraileko datuarekin alderatuz %0,08 jaitsi da indizea, baina iazkoarekin alderatuz %0,84 igo da

Estitxu Elduaien.
2007ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bi urte behar izan ditu, baina azkenean egin du behera. 24 hilabeteetan aurreneko aldiz, hipoteka gehienek erreferentzia gisa erabiltzen duten Euribor indizea jaitsi egin da urrian, %0,08. Baina hipoteka orain berritzea tokatzen zaienek ez dezatela aparteko pozik hartu: hilero ordaindu beharreko kuota garestitu egingo zaie. Izan ere, iazko urriko Euriborrarekin alderatuz, gora egin du indizeak, %0,84, eta kuotak ere halatsu egingo dute horrenbestez. %4,647an amaitu du aurtengo urria Euriborrak; iaz, %3,799an amaitu zuen.

Hipoteka orain berritzea tokatzen zaien herritarrei, beraz, nabarmen garestituko zaie hilero ordaindu beharreko kuota. Zorra amortizatzeko epea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa izango da garestitzea. Hala, 50 urterako hipoteka duten ei %14,49 garestituko zaie kuota, 30 urterakoa dutenei %10,31, 25 urtera dutenei %8,94, 20 urterakoa dutenei %7,43, 15 urterako dutenei %5,79, eta 10 urterakoa dutenei %4.

INE estatistika institutuak emandako datuen arabera, 160.000 euroko hipotekak dituzte, batez beste, Hego euskal herritarrek. Kopuru hori kontuan hartuta, 10 urterako hipoteka orain berritu behar dutenei 66 euro garestituko zaie kuota, 15 urterakoei 70 euro, 20 urterakoei 74 euro, 25 urterakoei 78 euro, 30erakoei 81euro, eta 50 urterakoei94.



JAISTEN, BAINO APAL.Gailurra jo du, beraz, Euriborrak. Noiz arte izango den jakitea ez dago hain erraz, ordea. Aditu gehienak bat datoz hemendik aurrera beherako joera hartuko duela esaterakoan. Baina jaitsiera hori apala izango dela iragarri dute. Nazioarteko Finantza Analisten elkarteko David Canoren arabera, %4,40ra jaitsiko da gehienez.

Eta hala ere, baikor egoteko arrazoiak badaudela uste du Canok, «igoera handien arriskua desagertu delako». EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak igotzeari utziko diolakoan dago, besteak beste AEBetako erreserba federalak hango jaistea erabaki duelako. Atzo hartu zuen erabakia: AEBetako interes tasak %0,25 jaistea erabaki zuen, %4,5era.

BBVAa ere bat dator Nazioarteko Finantza Analisten elkarteko kidearekin. Are gehiago, EBZk interes tasak mantendu ez ezik, jaitsi ere egingo dituela uste dute BBVAko adituek. Jaitsiera horiek datorren urterako aurreikusi ditu finantza erakundeak, eta abendura arte bere horretan utziko dituela, %4an hain justu. Euriborrak, berriz, %3,9an amaituko du urtea, BBVaren kalkuluen arabera.



ZUHURTZIA. Aurreikuspen horiek alde batera utzi eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu diete herritarrei, ordea, kontsumitzaileen elkarteek. Jaitsiera albiste ona dela diote, «arnas pixka bat hartzen laguntzeko», baina Euriborrak oraindik ere «oso maila altuan» jarraitzen duela ohartarazi dute, eta familien zorpetzea «larria» dela.

Hala esan du CECU kontsumitzaileen elkarteko burua Antonio Lopezek. Bere ustez, Euriborrak beherako bidea hartzea «seinale ona da», eta EBZk interes tasekin beste horrenbeste egingo duenaren aurrerapen gisa ulertu du, baina hori oraindik urruti dagoela nabarmendu du.«Bien bitartean, egoerak zaila izaten jarraituko du». Euriborra %2,5-%3ra jaitsi arte ez da arriskua murriztuko CECUko buruaren hitzetan, eta hortaz, orain Euriborrak beherako bidea hasi duelako maileguak eskatu eta eskatu ez hasteko eskatu die herritarrei.

Ausbanc banka erabiltzaileen elkarteko ordezkari Angel Garaik ere zuhurtziaz ikusten du Euriborraren jaitsiera. «Adituak egiten ari diren aurreikuspen denak betetzen diren ala ez ikusteko dago, eta guztia ez sinesteko eskatzen diet kontsumitzaileei». Diruaren prezioak oraindik «oso garesti» jarraitzen duela nabarmendu du Garaik, eta etxebizitzen prezioak «eskuraezinak direla gehienetan». Horregatik,hipoteka bat eskuratu aurretik «ondo aztertu eta pentsatzeko» aholkua eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.