Euriborrak ez du oraindik goirik jo, eta irailean ere igo egin da, %4,72raino

10 urterako zorrak %4,76 garestituko ditu indizeak, 20 urterakoak %8,87, eta 30 urterakoak %12,34

Estitxu Elduaien.
2007ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Igoerak ez du etenik. Euriborra goia jotzear dela behin eta berriz esan dute aditu eta agintariek udan, baina oraingoz behintzat ez da horrelakorik iritsi: irailean ere gora egin du hipoteka maileguen interesa ezartzeko gehien erabiltzen den indizeak, eta %4,72raino iritsi da. Abuztua %4,66an amaitu zuen Euriborrak, beraz, %0,6 egin du gora azken hilabetean. Iazko datuarekin alderatuz, berriz, %1,01 igo da Euriborra, iazko irailean %3,715an baitzegoen indizea.

Hogeita laugarren hilabetean jarraian egin du gora Euriborrak, eta 2000ko abenduaz geroztik izan duen mailarik altuenean dago. «Europako Batasunean, interes tasen gorako bidea ia amaituta dago, eta dirua gehiago garestitzeko aukera gutxi dago jada». Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak esan du iraileko datua jakin bezain pronto. Baina oraindik igotzeko aukerak badaudela ere onartu du.

Izan ere, abuztuaz geroztik finantza merkatuetan sortu den ezinegonak zuzenean eragin dio Euriborrari, adituen arabera. Bankuek elkarri dirua emateagatik kobratzen dioten interes tasa da indize hori, eta normalean, EBZ Europako Banku Zentralak ezartzen dituen interes ofizialen estimazioa eginez ezartzen da. BainaAEBetako hipoteken krisiaren ostean likidezia arriskua nabaritu dute finantza erakundeek, etabankuen arteko konfiantza asko eskastu du horrek. Ondorioz, dirua garestiago eskaintzea erabaki dute bankuek, interesak igoz. Horregatik, EBZren interes tasa ofizialen (%4an daude) eta Euriborraren arteko aldea normalean baino handiagoa da orain.

Arrazoiak arrazoi, hipoteka mailegua duten herritarrek nabarituko dute gehien igoeraren ondorioa, mailegua orain berritzea tokatzen zaienei nabarmen garestituko baitzaie hilero ordaindu beharreko kuota. Garestitzea, amortizazio epearen araberakoa izango da. Horrela, hamar urterako hipoteka dutenei %4,76 garestituko zaie hileroko kuota, 20 urtera dutenei %8,87, 30 urtera dutenei %12,34, eta 50 urtera dutenei %17,41.

Finantza erakundeek emandako azken datuen arabera, batez beste 160.000 euroko hipotekak dituzte Hego Euskal Herriko herritarrek. Batez besteko hori kontuan hartuta, 10 urterako hipoteka duten herritarrek 78 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilero, hemendik aurrera. 20 urterako mailegua dutenek, berriz, 88 euro gehiago ordaindu beharko dituzte, 30 urterakoa hipoteka maileguadutenek 96 euro gehiago, eta 50 urterakoa duten herritarrek 112 euro gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.