Euriborrak gora segitzen du eta hipotekak 1

380 euro garestitu dira iazko urritik hona. Hilean iazko urrian baino 115 euro gehiago pagatu beharko dituzte etxebizitza mailegua berritzen dutenek

2006ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Gorago hilabetez hilabete. Urtebete da Euriborrak atsedenik hartu ez duela eta %3,799an dago jada. Iraileko maila bertsuan, bai, baina %1,4 igo da iazko urritik eta hipotekak garestituz doaz etengabe. Bankuentzat etaaurrezki kutxentzat negozio itzela. Hilero 115 euro gehiago pagatu beharko dizkiete egunotan etxebizitza maileguaren baldintzak berritu behar dituztenek. Hori gutxi balitz bezala, adituek ohartarazi dute kuotak are gehiago igoko direla.

Batez besteko hipoteka 157.500 eurokoa da Hego Euskal Herrian. Etadirua 25 urtean itzuli behar izanez gero, herritarrek hilean 800 euro pagatu behar zituzten atzo arte. Gaurtik aurrera, berriz, 812. Aldea ez da horrenbestekoa. Ez irailetik urrira, behintzat. Urtebeteko garestitzearekin daude arduratuta herritarrak. Iazko 697 euroek mauka dirudite ia.

Are gehiago etxebizitzen garestitzeak etenik ez duen honetan. Hilero 4.000 bat hipoteka sinatzen dira Hego Euskal Herrian eta, uztailean, finantza erakundeek 600 milioi euro pasatxo eman zituzten mailegutan. Utzitako diru kopurua gora doa hilabetez hilabete- etxebizitzak eta hipotekak sano garestitu direlako-.

Euriborra dago igoeraren muinean. Interes aldakorreko mailegu gehienetan erreferentzia moduan erabiltzen den indizea da, maila altuenean dago 2002ko ekainetik eta urtea bukaerarako %4ra iritsiko dela uste dute adituek. 2007ko lehenengo seihilekoan %4,20a gainditu dezakeela diote.

INTERES TASAK GORA. Izan ere, litekeena da diruaren prezioa garestitzea Europako Banku Zentralak. Interes tasen igoerak gora eragingo lioke Euriborrarri, eta Euriborrak herritarrek pagatu beharreko hileko kuotei. Ez da buruhauste makala hipotekena, eta familien bizi kalitateari kalte egiten dio. Horren adierazle da aurrezteko ahalmena. Bizkaiko familiek apenas aurrez dezakete urteko errenta osoaren %15. Arabakoek, Gipuzkoakoek eta Nafarroakoek pixka bat gehiago:%18 inguru, batez beste. Hilero ezer aurrezteko modurik ez dute familia askok, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.