Gizartea

Euritako beltzak Hondarribiko alardean emakumeen parte-hartzearen kontra

Halaber, txistuka eta irainka hartu dute Jaizkibel konpainia Kale Nagusitik igaro denean, baina txaloka hartu dituztenak ere izan dira. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du gaur alarde parekidean: 250 lagunek. Hori dela eta, Jaizkibel konpainia sendo dagoela adierazi du Garoa Lekuona kapitainak, eta arazoa konpontzeko "ekimena" eskatu dio Udalari.

2008ko irailaren 8a
13:13
Entzun
Iaz bezala, aurten ere plastiko beltzezko hesirik ez dute eraiki Hondarribiko (Gipuzkoa) Kale Nagusian alardean emakumeek berdintasunean parte-hartzearen kontra daudenek. Hala ere, ez dira euren arbuioa adierazi gabe geratu eta aterki beltzak zabaldu dituzte emakume eta gizonez osatutako Jaizkibel konpainia igaro denean. Halaber, txistuka eta irainka hartu dute jai giroko desfilea. Nolanahi ere, alarde parekidea txaloka hartu dute beste hainbat ikuslek.

Iaz, plastiko beltza albo batera utzi eta Walt Disneyren pertsonaien mozorroak jantzi zituzten alarde parekidearen kontrakoek, emakumeen parte-hartzea "inauteritako kontua" zela adierazteko. Aurten, esan bezala, euritako beltzak izan dira andreek berdintasunean parte hartzea galarazten duen alarde tradizionalaren aldekoen hautua. Lekukoek BERRIA.INFOri agertu diotenez, aterki beltz horien zabaltzeak iaz baino sentipen bortitzagoa eragin die Jaizkibel konpainia mistokoei.

Hala ere, alarde parekidearen aldekoak "sendo" daudela azpimarratu du Garoa Lekuona Jaizkibel konpainiako kapitainak, eta jada txertatu eta sustraitutako ekimena dela eurena. Ildo horretatik, bi alardeen arteko istilua konpontzeko "ekimena" eskatu dio Hondarribiko Udalari. "Udalaren aldetik ekimena behar da, elkarrizketa; hitz egin behar da. Nik ez dakit jada zer den gehiengoa edo gutxiengoa. Kontua da arazo bat dagoela eta konpondu egin behar dela", adierazi du.

08:25ean atera dira Alarde parekideko kideak, eta dagoeneko osatu dute beren desfilea. Jaizkibel konpainiako 250 kideen atzetik, ehunka lagun joan dira Kale Nagusian zehar, besteak beste, Iñigo Lamarka EAEko arartekoa, Izaskun Moiua Emakundeko zuzendaria, Maite Erro EAEko Berdintasun defendatzailea, Aralarreko, LABeko eta Bilgune Feministako ordezkariak. Udaletxean EAE-ANVko hiru hautetsiek soilik egin diote harrera Jaizkibel konpaina mistoari.

Alarde parekidearen ostean, bederatzietan, alarde tradizionala hasi da; bost mila gizonek eta kantinera gisa aritzen diren hogei neskak parte hartzen dute alarde horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.