Euriteak gogor jo du Nafarroako iparraldean, eta arazoak eragin ditu

Pirinio inguruetan 130 litro bota du metro koadroko, eta ikastetxe zein errepideen egoera erabat baldintzatu du

jon eskudero
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak betez, euriteak arazo ugari eragin zituen atzo Euskal Herrian, batez ere Nafarroa iparraldean. Alerta laranja Gipuzkoarako zegoen emana, eta hainbat udalek neurriak hartu zituzten aurrez, berriz ere uholdeak buruhauste ez bihurtzeko. Urari aurre egin ezinik, ordea, Pirinioen inguruko herrietan ibili ziren. Ibaiek gainezka egin zuten, eta arazo ugari sortu zituzten errepideetan, etxeetan, ikastetxetan... Metro koadroko 130 litro baino gehiago bota zituen bataz beste. Kopuru altua da. Orain ia urtebete Gipuzkoan bereak eta bi bota zituen. Gehien Belauntza herrian: bi egunetan 300 litro metro karratuko. Horrek adierazten du Nafarroa iparraldeko herrietan botatako euri kopurua.

Gutxitan ikusten diren irudiak ikusi ahal izan zituzten herritarrek, batez ere Otsagabian. Herriak igerileku baten itxura hartu zuen. Etxeetan ere nabariak izan ziren kalteak; Anduña ibaiak gainezka egin zuen, denbora gutxian bota zuen euri jasarengatik, eta herriko etxeetako atari barruetaraino sartu zen, ate batzuk ere txikituz. Hogei urtean halakorik ez zutela ikusi nabarmentzen zuten herritarrek. Inguruetako beste herrietan ere antzeko egoerak ikusi zituzten.

Erronkarin, esaterako, Eska ibaiak gas bonbona bat hartu zuen aurrean, eta lehertu egin zuen, herriko ikastetxearen parean. Horrek hodei toxiko bat eragin zuen eta, kalterik ez eragiteko, ikasleak lehenbailen ateratzeko agindua eman zuen Poliziak. Otsagabiako ikastetxeko haurrek ere ordua baino lehen utzi zuten ikasgela. Bi ikastetxetako ikasle bana osasun gunera eraman zituzten, kalterik ba ote zuten aztertzeko. Ez zieten ezer larririk atzeman.

Zangozako ikasleak ere lehenago irten ziren ikastetxetik, Nafarroako Gobernuak hala aginduta, ibaiek gainez egin zezaketen beldurrez. Izan ere, arazo ugari izan zen Zangozan, etengabeko euritearen ondorioz. Batez ere errepideetan. Nafarroako Gobernuaren arabera, Zangotzako eskualdean NA-2420 (Dorre-Elortzibar-A-21) eta NA-5410 (Zangoza-Esa) errepideak moztu zituzten, baita NA-5340 (Zangoza-Gabarderal-Kaseda) errepidea ere. Itxitako beste errepideetako bat Figarolkoa izan zen. Zangozaldeara suhiltzaile gehiago bidali zituen gobernuak, bertakoei laguntzeko. Pirinioetan, aldiz, NA-140 (Auritz-Izaba) errepidea itxi zuten, zuhaitz bat erori zelako bidera.

Errepideetan ez ezik, Zangozako bizilagunek herrian bertan ere lanean aritu behar izan zuten, urak hartutako garajeak garbitzen. Otsagabian gau partean egin zuen euri gehien, baina Zangozan goizean izan zituzten arazoak. Eguerdi parterako egoerak hobera egin zuen, udaltzainen arabera. Dena den, herritik aparte bizi diren baserrietako herritarrek izan zituzten kalterik handienak. Suhiltzaileek bertara ailegatzeko ahaleginak egin zituzten, eta kostata lortu zuten. Ordurako etxe barruetan ura dezente sarturik zeukaten. Etxeetan bakarrik ez, txerri haztegi batean ere utzi zituen ondorioak uholdeak. Onsella ibaiaren urak bertaraino heldu ziren.

Esa izan zen uholdeak gogor asindutako beste herri bat. Euri jasa handia bota zuen: egunean zehar, metro koadroko 140 litro bota zituen. Nabaskozen 120 litro egin zituen metro koadroko, Esaberrin 90, Arangoitin 99, Aurizberrin 78, eta Izaban 103.

Pirinioen bi aldeetan egin zituen euri jasa handiak, gau partean batik bat. Iratin, esaterako, metro koadro bakoitzeko 100 litro bota zituen, bost ordu eskasean. Konparaziorako, urriko hilabete oso batean metro koadroko 200 litro euri egiten dituela azaldu dute larrialdi agentziek. Alerta laranja emana dute eskualderako, uholdeak izan daitezkeen arriskuagatik. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak Larrautik gorako bideak mozteko agindua eman zuen atzo.

Burgin, helikopteroa behar

Eragin nabarmenena, hala ere, Burgin izan zuten euriteek, Nafarroan, bi herritar uretatik ateratzeko helikopteroaren beharra izan baitzuten. Bi lagunak autoan zihoazela, ibaiak aurrean eraman zituen. 11:30 aldera eman zieten abisua Guardia Zibilari; lurretik ezin erreskatatu zituztenez, helikopteroa erabili zuten.

Ez helikopterorik ezta beste ezeren beharrik ere ez zuten izan Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan. Eusko Jaurlaritzak bezperan gomendatu zuen neurriak hartzeko, eta Gipuzkoako herritar askok toki egokian utzi zuten autoa. Espero baino euri gutxiago egin zuen, halere.

Eguraldiak ez du atertuko gaur, eta uholdeen arriskuak jarraituko du, batez ere Nafarroan. Aemet Espainiako meteorologia agentziak alerta gorria emana du, gaurko, herrialde horrentzat. Etzi atertzera egitea espero dute, nahiz eta tarteka zaparrada indartsuak gerta daitezkeen leku jakin batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.