Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak alerta laranja piztu du gaur goizean Oiartzualdean (Gipuzkoa) azken orduetan izaten ari diren euriteengatik. Metro koadroko 80 litro bildu dira hainbat herrietan, Oiartzunen eta Ereñozun kasu. Arratsaldean, ordea, euri jasa geratu egin da, eta alerta egoera kendu dute jada.
Errenteriako Hitzak jakinarazi duenez, Lezon hainbat etxabe hustu behar izan dituzte. Oiartzunen, Ugaldetxo auzoan izan dira arazoak. Errenteriako kasuan Larzabal eta Fanderia auzoetan izan da arazo gehien Udaltzaingoak azaldu duenez: “Oiartzun ibaiak ez du gainezka egin, baina gutxi falta izan zaio eta Larzabalgo garaje batzuetatik autoak ateratzeko eskatu diegu jabeei”. Madalen kalean ere izan da arazorik, 22. zenbakiko etxe batean sartu da ura. Bertan, 15 zentimetro hartu ditu urak eta suhiltzaileak lanean ari dira une hauetan etxean sartutako ura ateratzeko.
Gipuzkoako gainerako eskualdeetan, Araban eta Bizkaian, gainera, alerta horia piztu dute goizean. Herrizainago Sailak gaur ez gidatzea aholkatu du, eta autoak eta gainerako ibilgailuak ibai ertzeetan edo urak gainezka egin dezaken lekuetan ez uztea eskatu du. Oiartzun ibaiak gaineka egin dezakeela ohartarazi dute goizean.