Paueko Auzitegiak Aurore Martin Batasuneko kidearen aurka eman duen ebazpena «erabaki politiko larria» dela adierazi du Batasunak. Jean Claude Agerre eta Xabi Larralde mintzatu ziren ebazpenaz, Baionan. Azken egunotan Poliziak eta suprefetak berak Ipar Euskal Herrian izandako jarrerak erabaki horren aurrekariak zirela nabarmendu zuten. Batetik gazteen atxiloketak eta bertzetik euroaginduaren aurka protesta egitera joan ziren hautetsiak suprefeturan hartu ez izana eta inguruan jarritako polizia hesia adierazgarriak zirela erran zuten. Ebazpena jakinarazi aitzin Frantziak Martin Espainiaratzeko erabakia hartua zuela azpimarratu zuten. Ebazpen horren haritik Frantziak Batasuna zeharka legez kanpo uztea deliberatu duela gaineratu zuten.
Frantziak Batasunaren aurkako erasoaldiari ekin diola ondorioztatu zuten eta euroaginduaren bidez Espainiako Estatuak Hego Euskal Herrian inposatu duen salbuespen egoera Ipar Euskal Herrira hedatzen dela azaldu zuten. Frantziaren urrats hori testuinguru jakin batean dago. Euskal Herriak duen gatazka gainditzeko proposamena mahai gainean dagoelarik Frantziak erasoaren bidez ihardetsi duela azaldu zuten. Michelle Alliot Marie Frantziako Barne eta Justizia ministro ohiari galdera zuzena egin zion Jean Claude Agerrek. «Zertan ari zarete? Zer lortu nahi duzue gisa horretako erabaki politikoak hartuz?».
Eraso guztien gainetik, Zutik Euskal Herria proposamena gogora ekarri zuen Jean Claude Agerrek, eta prozesu demokratikoa eta baketsua aitzina eramateko borondatea engaiamendu sakona dela erran zuen. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka gainditzeko bide bakarra dela azpimarratu zuten. Gaineratu zuten errepresioak ez duela baldintzatuko ezker abertzalearen erabaki irmoa eta iragarritako borondateari eutsiko diola. Konponbidea landu nahi bada Batasuna solaskide saihestezina dela nabarmendu zuten.
Frantziako Estatuari mezu argia igorri zion Batasunak. «Gatazkaren parte denez, konponbidearen eragilea izan behar du, gatazka hau behin betiko bukatzea nahi badu». Euskal Herriak duen gatazkan Frantziak erantzukizun sakona duela nabarmendu zuten, eta hein horretan, egoera hori gainditzeko urrats sendoak egin behar dituela gogoratu zioten. Euskal Herriaren ukazio politika baztertu eta haren aitortza egin beharko duela jakinarazi zioten.
Azkenik, euroaginduaren inguruko erabaki argia hartzeko eskaria egin zieten Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hautetsi eta alderdi politikoei. «Jarrera argia har dezatela eskatzen diegu. Ez dago jarrera neutralik: euroaginduaren kontra daude edo alde».
Ebazpenaren kontra
UMP eta EAJ alderdiak izan ezik, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko gehienek euroaginduaren aurkako jarrera azaldu dute. Frantxua Maitia Akitaniako kontseilariak adierazi du erabakiak «kezka eta harridura» eragin diola, Martini leporatzen zaizkion karguak ez direlako delitua Frantzian. Frantzian Batasuna ez dela legez kontrakoa gogoratu zuen. ildo beretik mintzatu zen Pierre Cheret Pirinio Atlantikoetako PSko idazkari nagusia. «Espainiako Justiziak Aurore Martinen aurka egindako lehen euroagindua ezeztatu zuen Paueko Auzitegiak, elementu eskasengatik. Azaroaren 23an egindako euroagindu auzian ber eskaerari adostasuna ematea onartezina iruditzen zaigu demokrata garen heinean».
«Terrorismoaren» aurkako borroka militante politikoen aurka baliatzea baimentzen duen prozedura okerrekoa dela azpimarratu zuen Cheretek. Edozein pertsonaren oinarrizko eskubideak eta askatasuna arriskuan ezartzen dituela erran zuen.
Jean Jacques Lasserre Akitaniako kontseilari eta Pirinio Atlantikoetako presidente ohia ere harritu da Paueko epaitegiaren ebazpena ikusirik. Modem alderdiko Jean Lassalle diputatuak euroaginduaren aurkako ekimena sostengatu du. Ipar Euskal Herrian ehun hautetsik baino gehiagok izenpetu dute euroaginduaren aurkako agiria, eta eragileak heldu den larunbatean bilduko dira, Hazparnen, euroaginduaren aurka zer egin daitekeen aztertzeko.
Euroagindua berraztertu
Jean Pierre Dubois Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidenteak erabateko sostengua helarazi dio Martini. «Aurore Martini ez diote ekimen bortitzik leporatzen; publikoki egindako adierazpen politikoengatik eskatzen dute euroagindua eta hori onartezina da». Martin Espainiaratzen badute iritzi politikoak plazaratzeagatik izanen dela nabarmendu du.
Frantziako Justiziak egin duen norabide aldaketa biziki larria dela adierazi du Duboisek. Frantziak eta Espainiak euroagindua eragile politikoak isilarazteko baliatzen dutela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek. Europako agintariei dei egin diete euroagindua baimentzen duen prozedura azter dezaten berriz ere, hura sortzera eraman zuten arrazoietatik urruti dagoelako horren gauzatzea.
Euroagindua onartzea urrats politiko larria dela dio Batasunak
Hala ere, berretsi du prozesu demokratikoa eta baketsua aitzina eramateko hartutako engaiamendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu