Aurore eta besteak, ez zütüegü ahazten mezua duen banderolaren gibelean, hogei bat kanpin denda jarri zituzten atzo, Mauleko herriko etxearen aitzinean, euroagindua gaitzesteko kanpaldia dela eta. Zuberoan osatu Euroaginduaren Aurkako Kolektiboa da protestaren antolatzaile eta Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen alde leloaren pean Miarritzen egin ekimenean abiatu «herri harresiaren segida» izatea nahi dute.
Lehen eskuorri banaketa eginik eguerditan, arratsaldean jende kopurua handitu eta 40 bat ziren bertan egunaren bukaeran. Gaur, 19:00etan, «askatasunak urratzen dituen» legedi horren arrisku eta ondorioez, hitzaldia eginen dute. Martinen kasuan zentratuz, Espainiaratzea bertan behera gelditzeko zer aterabide den ere aztertuko dute. Anais Funosas eta Claude Larrieu kolektiboko kideak dira hizlari izanen.
Martin Batasuneko militantea «arrazoi politikoengatik Espainiaren eskutan ikusi nahi ez duelako», ekimen hori antolatu du kolektiboak. Martini elkartasuna erakusteaz gain, orokorki euroagindu guztiak dituzte salatzen, eta prozedura horren bertan behera uztea dute exijitzen, Johanne Foirien kolektiboko kideak zehaztu duenez. Kolektiboa ekainaren 22an osatu zuten, hots, Martinen atxiloketa saioaren biharamunean. Geroztik, behin baino gehiagotan bildu ondoren, lehen protesta antolatu zuten ekainaren 25ean, manifestazio baten bidez. 130 bat lagun bildu ziren Mauleko karriketan euroaginduaren aurka.
Bihar bururatuko da kanpaldia, manifestazio batekin. 18:30ean abiatuko da, Mauleko herriko etxearen aitzinetik.
Hautetsiak lotzeko zailtasuna
Herritarrez gain, Zuberoako hautetsiak, arduradun politiko, sindikal zein elkarteetakoak ere nahi dute bertara daitezen. Hala ere, hautetsien mobilizatzea «nahiko zaila» dela aitortu du Foirienek. Dena dela, interpelazio lana segitzen dute, eta gaurko hitzaldira hurbilduko direla espero dute.
Sostengua adierazi dute hautetsi batzuek, hala ere; tartean da Mixel Etxebest Mauleko auzapeza, zeinak kanpaldia bertan antolatzeko baimena eman duen.
Euroaginduaren aurkako «herri harresia» islatzen dabiltza Maulen
Atzo hasi, eta bihar arte iraunen du euroagindua gaitzesteko kanpaldiak, hogei bat lagun dira udaletxe aitzinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu