Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak ez du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalitatea ezbaian jartzeko "arrazoirik" ikusten, gaur auzitegiko abokatu nagusi Juliane Kokott-ek esan duenez. Bi hilabete baino gehiago pasatu dira Luxenburgon euskal fiskalitatearen zilegitasunari buruzko auzi saioa egin zutenetik, eta Kokottek gaur jakinarazi ditu bere ondorioak. Ez da behin betiko epaia, baina bai garrantzi handikoa; izan ere, hamar kasutatik zortzitan bat etortzen dira abokatuaren iritzia eta epailearen azken ebazpena.
Euskal erakundeak zerga kontuetan Espainiakoetatik ezberdinak diren eta erabakiak hartzeko autonomiarik ba ote duten, horixe da funtsean epaileak erabaki beharrekoa. Otsailaren 28ko auzi saioan hiru lurraldeetako diputazioek eta batzar nagusiek, Confebask-ek, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitz gin zuten euskal fiskalitatea propioaren alde. Aldiz, Errioxa eta Gaztela eta Leongo gobernuek (Espainia) eta Europako Batzordeak kontrako argudioak eman zituzten.
Kokott abokatuaren arabera, eskualdeko erakundeak "nahikoa autonomia" duenean eta erakunde horrek eskualdeko enpresen aldeko neurri fiskalak hartzen dituenean, neurri hori "orokorra" da, "ez selektiboa", eta, beraz, ez da 'estatu laguntza' delakoa. Dena dela, haren ustez, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki behar du neurri horiek EBko legea betetzen duten edo ez.
Hain zuzen, Errioxak eta Gaztela eta Leonek jarritako hainbat salaketaren harira dator afera. 1996an Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioek sozietateen gaineko zerga murriztea erabaki zuten, Espainiakoa baino txikiagoa jartzea. Eta horrek euskal herrialdeen mugakide ziren lurraldeen haserrea eragin zuen, lehiari kalte egiten ziolako. Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien herrialde mugakideei. Baina, Euskadiko Justizia epaitegiak Europari eskatu dio auzia argitzeko, Azore uharteen kasuan emandako epai batean oinarrituta.
Ekonomia
Europa Batasuneko Justizia Auzitegiak dio EAEko fiskalitatea ez dela ezbaian jartzeko modukoa
Juliane Kokott auzitegiko abokatu nagusiaren ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurri fiskalak enpresa denentzako dira. Orain dela bi hilabete pasa euskal fiskalitatearen zilegitasunari buruzko auzi saioa egin zuten Luxenburgon, eta abokatuak gaur jakinarazi ditu bere ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu