Nazioarteko 214 milioi migratzaile daude munduan. Zazpi langiletik batek bizitokiz aldatu du, oro har, hegoaldeko estatu batetik iparraldeko beste batera, baina hegoaldetik hegoalderako migrazio mugimenduak ere indartzen ari dira. Horrek munduko lan merkatua berregituratzea ekarri duela azaldu zuen atzo, Bilbon, Raul Delgado Wise Zacatecasko Unibertsitateko (Mexiko) soziologia irakasleak: «Kanpotik heldutako langileak egoera ahulean daude sistema kapitalistan, prekarizaziorantz eta esplotaziorantz». Gaur eta bihar hiriburuan egingo den nazioarteko migrazioei buruzko kongresua irekitzeko ekitaldian esan zituen hitzok, migrazio horien joera orokorrei buruzko saioan.
Delgadoren aburuz, «behartua» da egungo migrazio gehiena, «ez borondatezko ekintza librea». Hiru arazok «botatzen» dituzte pertsonak beren bizilekutik: indarkeria egoerak edo hondamendi naturalak, pertsonen trafiko edo salerosketak eta bazterkeria edo langabeziak. Hirugarren taldea da jendetsuena, ehun milioi inguru biltzen baititu, «baina babes gutxien daukana da».
Langileak «esportatzen»
«Emigratzeko presioaz» mintzo da Delgado, milioika langile «esportatzean» baitatza lan merkatuaren berregituraketa hori. Sistemak hala eskatzen du, Heba Nassar Kairoko Unibertsitateko ekonomia doktoreak azaldu duenez. Europako, Afrikako iparraldeko eta Ekialde Hurbileko ezaugarri demografikoen berri emanez argitu du: «Europako biztanleria aktiboak behera egin du, eta beste bi eremuetakoak, gora; hango lan merkatuak ez ditu xurgatzen langile guztiak, eta sektore ez-formala indartzen ari da, jardueraren %70era heldu arte».
Argazki horretan beste eragile bat gehitu behar da: heziketa. «Ez dio erantzuten merkatuaren eskaerari, eta goi mailako hezkuntza burutzen dutenen artean langabezia handia dago». Beraz, Nassarrek ondorioztatu du Europa «aukera bat» dela Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko langabeentzat.
Baina krisi garaian ere hala al da? Joaquin Arango Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko soziologia irakaslearen arabera, askotariko eragina izan du krisiak migrazio fluxuetan. 2007tik heldutako etorkin kopuruan beherakada handiena izan duen herrialdea Irlanda da, baina krisiak gogorren jotako beste herrialdeetan igo egin da, pixka bat Grezian eta Portugalen, neurrian Espainian, eta nabarmen Italian. Aldiz, egonkorrago dabiltzan zenbait herritan jaitsi egin da fluxua, hala nola Alemanian eta Austrian.
Etorkinok aldaketa ekartzen ari dira Europara, baina kultura eta etnia anitzeko gizarte bilakatzeko prozesu hori «zaila» izaten ari da, Arangoren ustez. Ildo horretan, «joera kezkagarri batzuk» aipatu ditu, «krisiarekin larriagotzen ari direnak, baina krisiaren aurretik ere bazeudenak eta krisiaren ondoren denean indarrean jarraituko dutenak».
Besteak beste, kezkagarritzat jo du immigrazioa politizatzea, etorkinekiko joera eta sentimendu ezkorrak gehitzea, Schengengo Hitzarmena auzitan jartzea, immigrazioa segurtasun arriskuekin lotzea eta etorkinen gizarteratzea azterketen bidez baldintzatzea. «Immigrazioarekiko uzkur bihurtzen ari da Europa», ondorioztatu du; «Etorkinak mehatxu hirukoitz gisa ikusten dira: gizarte zerbitzuen alorrean, segurtasunean eta nazio nortasunaren esparruan».
Ezinegonetik kriminalizaziora
Hortaz, migrazio fluxuen azterketak kontraesan bat azaleratu du, Arangorentzat: «Europan kualifikazio gutxiko langileen eskaria asetzen du immigrazioak, baina, era berean, ezinegona eragiten du». Raul Delgado Weisek beste hitz batzuk erabili ditu: «Emigratzeko presioari, immigratzeko oztopoak gehitu behar zaizkio».
Dena den, migrazioek herrialdeetako garapenean duten eragina aztertzean, ikuspegi aldaketa bat proposatu du Delgadok. Izan ere, «etorkinak jasotzen dituzten herrien interesen araberako interpretazioa» baino ez da egiten, eta horrek, Delgadoren ustez, «giza eskubideen ardatza ahanzten du»; migratzeko arrazoiak «iluntzen» dituela gaineratu du, eta mugikortasun horrek «migratzaileengan zein jatorrizko herrialdeetan dauzkan kostuak» alboratzen dituela.
Aldagaiok ikusarazteko, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren adibideak jarri ditu, hurrenez hurren, etorkin gehien jasotzen eta bidaltzen duten herriak izaki. Delgadok dioenez, AEBetako hazkunde demografikoaren euskarria izan dira Mexikotik heldutakoak, baina jatorrizko herrian demografia geldituta dago, eta gero eta biztanle gutxiago dago lan egiteko adinean: «Mexiko arduragabeki ari da bere populazio konoa esportatzen».
Era berean, AEBetan bizi diren mexikarren kopurua enplegu tasaren arabera jaisten eta igotzen dela antzeman du: «Beraz, ez da egia mexikarrek lana kentzen dietenik». Areago, kontrako agertokia marraztu du: barne produktu gordinaren gorakadaren %31,7 etorkinen lanari zor diote AEBek, nahiz eta kanpotarren soldatak %34 baxuagoak izan eta paperik gabekoek lan eskubiderik ez eduki. «Harrera herrietan laguntzen dute, baina ez zaie ekarpena aitortzen, eta kriminalizatu eta baztertu egiten dituzte».
Europa, immigrazioari uzkur
Munduko migrazio fluxuak aztertzen ari dira egunotan Bilbon. Adituek azaldu dutenez, krisiak bainoago, sistema kapitalistak eta lan merkatuak baldintzatzen dute mugikortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu