OSASUNA

Europa minez

Gaiaren inguruan egin duten lehendabiziko inkestaren arabera, Europako 75 milioi biztanlek min kronikoa daukate, eta horiek ezintasuna eta depresioa sentitzen dute sarritan oinazeagatik

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2004ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Mina Europan inkesta 2002ko urria eta 2003ko ekaina bitartean egin zuten, 18 urtetik gorako 46.839 pertsonari telefonoz deituta. Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Espainia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Israel, Italia, Norvegia, Polonia, Suedia eta Suitzako estatuetakoak ziren pertsona horiek. Inkestarekin, min kronikoaren inguruko lehen lan paneuroparra egin dute, eta Minaren Ikerketarako Nazioarteko Elkarteak babestu du. Hauek dira bildu dituen datuak

ARAZO OROKORRA
: Europako biztanleen %19k, 75 milioi pertsonek, min kroniko ona heriotza eragiten duten gaitzek sortu ez duen mina, gutxienez sei hilabete dirauena daukate. Egoera okerrena Norvegian, Polonian eta Italian dute, lau biztanletik batek min kronikoarekin bizi dela baitio. Europako hiru etxetik batean, berriz, mina nozitzen duen norbait dago.

NEURRIA: Min kronikoa nozitzen dutenen bi herenek min ertaina daukate, eta gainerakoek min latza. Azken horien esanetan, ezingo lukete min gehiago onartu. %47k «min pixka bat gehiago» jasan ahalko luke.

IRAUPENA: Min kronikoa daukatenen %35ek «une oro» sentitzen dute mina, %31k urteko 365 egunetan, eta gainerakoek «hainbat aldiz astean». Mina kontrolatzeko modu egokia aurkitu bitartean, mina dutenen erdiek bi urte baino gehiago pasatu izan dute, eta, batez beste, zazpi urte iraun die oinazeak.

BIZIMODUA: Min kronikoak ohetik jaikitzea, ariketa fisikoa egitea, lana eta loa eragozten diela erantzun dute %40k, eta %26k uste dute oinazeak euren lanbidean eragiten diela; %19k lanpostua galdu dute minagatik; eta %21ek depresioa izan dute. Espainiako eta Norvegiako estatuetan eragin ditu depresio gehien %29 eta 28, hurrenez hurren, eta Frantziakoan bereziki larria da gizarte bazterketaren arazoa, min kronikoa dutenen %39 euren minaz beste batzuekin hitz egiteko ezgauza baitira.

MEDIKUAREKIN HARREMANA: Min kronikodun gaixoen bi heren «oso» edo «bereziki» gustura agertu dira mina tratatzen dien medikuarekin. Belgikakoak zeuden gustuen (%78). Polonian, aldiz, gaixoen %20 bakarrik zeuden «oso» edo «bereziki» gustura. Min kronikoa dutenen %70 oinarrizko medikuak artatzen ditu. Batez beste, lau urte eta erdi daramatzaten mediku horiekin.

MEDIKUAREN LANA: Gaixo asko euren medikuarekin gustura egon arren, %23k bakarrik izan dute minaren tratamenduan espezializatutako batekin aritzeko aukera, eta %10i bakarrik egin diote min mailaketa espezialduaren araberako diagnosia. Gaixoen herenak uste dute medikuak ez dakiela beren mina kontrolatzen. Laurden baten arabera, medikuak oso gutxitan neurtzen dizkie min sintomak.

TRATAMENDUA: Min kronikoa dutenen %64k diote euren minaren gaineko kontrola zenbaitetan ez dela behar bestekoa. Bostetik bik, botika indartsuagoetara jo dute. Hirutik bi botika berriak probatzeko prest daude, eta gainerakoek «beldur» diote botikekiko menpekotasunari. Esteroidalak ez diren handituen aurkako drogak dira, askogatik, errezetarik gabe gehien erabiltzen diren botikak (%55). Parazetamola (%43) eta opioide leunak (%13) dira hurrengoak. Opioide gogorrak dira min akabatzaile indartsuenak, eta Espainiako eta Italiako estatuetan oso gutxi erabiltzen dira. Irlanda, Erresuma Batua eta Danimarkakoetan, aldiz, ohikoagoak dira. Finlandiakoa da tratamendu alternatiboak gehien erabiltzen dituen estatua, min kronikoa dutenen %91k erabiltzen baitute horrelakoren bat; Espainiakoa, aldiz, gutxien erabiltzen duena, gaixoen %56k erabiltzen baitute horrelakoren bat.

INFORMAZIOA: Min kronikoa dutenen heren batek dioenez, mina hobeto kontrolatzeko tratamendu berrien gaineko informaziorik ez dute jasotzen, eta gaixoen %72k telebistatik, aldizkarietatik eta egunkarietatik jasotzen dute informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.