Europa: txartel moderatzaileak, baina gastu handiena estatuak

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Txartel moderatzailea darabilte Europako herrialde ugaritan. Bidesari bat ordaintzearen modura aurkezten dute txartel hori: erabiltzaileak zerbitzua jasotzeagatik ordaindu egiten du diru kopuru bat. Urte amaieran, errenta aitorpena egiterakoan, kontuan hartzen dira ordainketa horiek. Berrordainketa beste kontu bat da: jada zergen bidez ordaintzen diren zerbitzuen parte bat berriz ordaintzea.

Arretagatik eta botikengatik kobratu arren, osasunaren finantzaketa estatuaren gain gelditzen da gehienbat Europan. Espainian eta Hego Euskal Herrian, 2009an, herritarrek ordaindu zuten osasun gastu osoaren %20,7. Alemanian, berriz, osasun kostuen %12,9 ordaindu zuten herritarrek. Erresuma Batuan, %11,1.

ALEMANIA

Arreta. Txatel moderatzailea erabiltzen dute. Hamar euro ordaindu behar dira lehen aldian, eta hiru hilean bisitak egiten jarraitzeko balio du. Arreta espezializatuan, ospitaleratze egun bakoitzeko hamar euro ordaintzen dituzte —gehienezko muga 250 euroan jarria daukate—.

Botikak. Botikengatik ordaindu egiten dute, %10 inguru eta hamar euro gehienez.

Salbuespenak. Umeek eta larri dauden gaixoek ez dute ordaintzen.

BELGIKA

Arreta. Txatel moderatzailea daukate. Lehen arretan, bisitaren kostuaren %35 ordaintzen da gehienera; arreta espezializatua, gehienez, %40. Ospitalean emandako egun bakoitzeko, hamabi euro pagatzen dituzte.

Botikak. Prezioaren %25 eta %80 artean ordaintzen dute.

Salbuespenak. Errenta baxuak dituztenei, pentsiodunei eta elbarrituei gutxiago kobratzen diete arretagatik.

FRANTZIA

Arreta. Txartel moderatzailea darabilte. Bisitaren kostuaren %30 ordaintzen dute, eta euro bat kontsultako. Gehienez ere 50 euro ordain ditzakete urtean. Ospitalean egindako eguneko, hamasei euro pagatzen dituzte.

Botikak. Botikaren arabera, ez dute ordaintzen, edo balioaren %35 edo %65 ordain dezakete. Eta botika bakoitzeko 50 zentimo eransten dituzte.

Salbuespenak. Pentsiodunak, errenta baxuak dituztenak eta gaixo kronikoak salbuetsita daude ordaintzetik.

ITALIA

Arreta. Bisita bakoitzeko 36 euro kobratzen dituen txartel moderatzailea darabilte.

Botikak. Eskualdetik eskualdera aldatzen da. 1,5 eta 4,5 euro artean ordaintzen dute botikengatik, eta generikoengatik deskontuak izan ditzakete.

Salbuespenak. Umeek, pentsio txikiak dituztenek eta larri dauden gaixoek ez dute ordaintzen arretagatik. Haurdun, elbarri eta errenta baxuak dituztenek ez dute botikarik pagatzen.

ERRESUMA BATUA

Arreta. Ez dute txartel moderatzailerik erabiltzen.

Botikak. Botika bakoitzeko bederatzi euro ordaintzen dituzte; urteko edo lau hileko bonuak dituzte tratamendu jarraia dutenek.

Salbuespenak. Haurdunek, umeek, errenta baxuak dituztenek eta gaixo kronikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.