HONDAKINAK

Europak Gipuzkoako hondakinen kudeaketa helburuak babesten dituela ziurtatu du Errazkinek

Europako Ingurumen Batzordeko ordezkariekin bildu ziren diputazioko ordezkariak astelehenean. Hondakinak energia iturri gisa erabili aurretik, lehengai gisa erabili behar direla ados dira bi erakundeak. Harremanetan jarraituko dute.

2012ko irailaren 5a
18:49
Entzun

Europako Batzordearen helburu eta ildoekin bat dator Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan. Europako Batzordeko Ingurumen komisario Janez Potocnikekin bilera egin zuten, astelehenean, Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek; bileraren berri eman du Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak gaur eguerdian. Gipuzkoak hondakinen kudeaketan hartutako bideak Europako Batzordearen helburuekin eta «bide orriarekin» bat egiten duela, eta Europak Gipuzkoako Diputazioaren helburuak «berretsi» egin dituela adierazi du.

Iñaki Errazkin bera, Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria eta Juan Carlos Alduntzin kabineteko burua egon dira Bruselan (Belgika). Potocnik komisarioarekin, eta haren bulegoko kideekin egin dituzte bilerak, Willian Nealerekin eta Michel Sponarrekin. Gipuzkoa hondakinen kudeaketan egiten ari den urratsak «arretaz eta interes bereziz» jarraitzen ari dira Europan, eta bilera egin aurretik ere ezagutzen zuten egiten ari denaren berri, Errazkinen esanetan. «Harrera beroa» egin dietela eta, eskerrak eman dizkie: «Oso bilera emankorra izan da, eta emaitza, ezinhobea».

Europak ezarria du hierarkia bat, hondakinen tratamendu egokienak zeintzuk diren zehazteko. Hondakinen sorrera prebenitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta materia berreskuratzea lehenesten du hierarkia horrek. Horien atzetik doa hondakinak energia sortzeko erabiltzea —erraustuta, adibidez—, eta aukera okerrena da zabortegietara botatzea. Gipuzkoako Diputazioak ere hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko bidea hartu duela azaldu du Errazkinek eta, beraz, aldundiaren eta Europaren helburuek bat egiten dutela.

Gainera, Europak zuzentarau bat emana du kontinenteak duen baliabide eta lehengai gabeziari buruz, eta hondakinak baliabide eta lehengai gisa erabili behar direla zehaztu du. Aurten, bestalde, aholkatu du birzikla daitezkeen hondakinak ez errausteko. Hondakinetako materiak berreskuratzeari garrantzia eman dio, hondakinak energia iturri gisa erabiltzearen aurretik. «Bat egiten dugu lehenestu behar diren praktiketan», azaldu du Errazkinek: «Balioztatze materiala lehenetsi behar da». Errauste plantari buruz ez dutela hitz egin zehaztu du, planak ez duelako proposatzen.

Gipuzkoako herri batzuetan atez ateko bilketarekin lortu diren birziklatze tasekin interesa du Europak, diputazioko ordezkarien esanetan. «Gipuzkoan lortzen ari den berreskurapen materiala interesgarria da, Europan hurrengo urteetarako prentsatzen ari diren estrategietarako», zehaztu du Ainhoa Iraolak. Elkarlanean aritzeko eta informazioa trukatzeko konpromisoa hartu dute diputazioak eta Europako Ingurumen Batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.