Europako Batasuneko (EB) Barne ministroek hilaren 5ean onartu zuten direktiba proposamena onartu dute gaur Europako Parlamentuan. Aldeko 367 boto jaso ditu, kontrako 206 eta 109 abstentzio. Europako popularrek, liberalek eta eskuineko gainontzeko eurodiputatuek alde egin dute. Ezkerreko alderdiak kontra azaldu dira, eta euren emendakinik ez dute onartu.
Hala, estatu kide guztiek paperik gabeko immigrazio legedia bateratzea xede duen direktiba ontzat jo dute eurodiputatuek.
Paperik gabeko immigranteak, gehienez ere, hemezortzi hilabetez atxilotuta izatea baimendu du direktiba berriak, eta, gero, kanporatuak izan litezke etorkinak, berme juridikorik gabe. Bost urtetan ez dute izango herrialde horietara itzultzeko aukera. Berez, lan eta egoitza baimenik gabe dauden immigranteak sei hilabetez atxilotzeko aukera jasotzen du direktibak, baina atxiloaldia hemezortzi hilabetera arte luzatu ahalko da "kanporatze prozesua lankidetza faltagatik luzatzen den kasuetan" edo "jaioterria ez den beste herrialde batera bidaltzeko dokumentazioa lortzen ez den kasuetan". Europako Batasunera bakarrik iristen diren adingabeak, "azken aukera moduan eta ahalik eta epe laburrenean" bada ere, atxilotzeko aukera izango dute estatu kideek direktiba aurrera ateratzen bada. Testuak, aldi berean, kontrol judiziala murriztea aurreikusten du.
Europako Legebiltzarrean gaur bozkatuko den direktiba hiru urteko negoziazioen ostean etorri da, eta estatu kideen legeria bateratzea du helburu. Orain arte, estatu kideek legeria propioa izan dute, paperik gabeko etorkinen egoera arautzeko. Europako Batzordearen arabera, egun hemezortzi milioi etorkin daude erregistratuta Europan -populazioaren %3,7-. Paperik gabeko immigranteen kopurua jakitea, berriz, ezinezkoa da. Estatu kideek, bestalde, 20.000 immigrante inguru dituzte atxilotuta egun, askotan baldintza txarretan.
Europak immigrazioaren direktiba onartu du, eta paperik gabeko etorkinak 18 hilabetez atxilotuta eduki ahal izango dira
Europako Batasuneko Barne ministroen proposamenak aldeko 367 boto jaso ditu legebiltzarrean, kontrako 206 eta 109 abstentzio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu