Euskal Herrian bake prozesu bat hasteko dauden aukerez jakitun, nazioartean dituen kideen babesa erakarri nahi du EAJk. Bakezko jokaleku egonkor bat sendotzeko, Europako Batasunekoerakundeen «lankidetza» ezinbesteko dela nabarmendu du Iñigo Urkulluk, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. EAD Europako Alderdi Demokrataren kongresuan parte hartu du, eta han bildutako buruzagi politikoei eskatu die EAJ lantzen ari den ekimena -Ados proposamena- babesteko eta harekin konprometitzeko. EADk bederatzi parlamentari ditu Europako Legebiltzarrean eta ALDE talde parlamentarioko kide da. Alderdi sozialista eta alderdi popularraren atzetik, hirugarren indar politikoa da ALDE, 84 legebiltzarkiderekin, eta Izaskun Bilbao da EAJren ordezkari bakarra.
Alderdi jeltzalearen helburua «terrorearen amaiera lortzea eta bakean eta askatasunean garai berri bat zabaltzea» dela adierazi du Urkulluk kongresuan eginiko agerraldian. EAJren ekimena elkarrizketa politikoan oinarritua eta giza eskubideekiko errespeturik «zorrotzenean» errotuta egongo dela nabarmendu du EBBko buruak.
Urkulluren esanetan, EAJk abian jarri nahi duen ekimenean garrantzi handia izango du esparru instituzionalak. Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, bakearen eta bizikidetza politikoaren aldeko adierazpen eta ebazpenak sustatu nahi ditu EAJk nazioarteko erakundeetan.
Asmo hori Euskal Herriko eta Espainiako instituzioetara zabaldu nahi du, halaber, bake eta adiskidetzerako egitasmoak egiteko helburuarekin. Hori lortzeko,Euskal Herriko eta Espainiako erakundeek «gizartearen borondatearen isla» izan behar dutela nabarmendu du Urkulluk.
Pausoak argitzen
«Urteetan terrorismoaren zartada ezagutu duen Europako eskualde batetik» etorritako herritar gisa aurkeztu du bere burua Urkulluk EADren kongresuan. Buruzagi jeltzaleak adierazi duenez, ETAk eraso ekintza armatuak etetea erabaki duenetik bakea lortzeko aukera dago Euskal Herrian. Euskal gizarteak, baina, erakunde armatuaren iragarpena «eszeptizismoz» jaso duela nabarmendu du. «Aurreko esperientzietan euskal herritarren itxaropena piztu zen gure herrian bortxakeria amaituko zelakoan, eta gaizki irten ziren jarduera terroristaren diru bilketagatik».
Hori da, hain zuzen ere, EAJk ETAri leporatzen diona. Eraso ekintzak eten baditu ere, erakunde armatuak ez duela beste jarduera batzuk eten salatu du.
Joan den igandean, Alderdi Egunaren karietara, Ados proposamenaren gako politikoak azaldu zituenean, Urkulluk nabarmendu zuen bake eta normalizazio prozesu bat hasteko lehen pausoa izan behar duela ETAk indarkeria mota guztiak behin betiko amaitzea. Hori eginda, EAJsektore politiko guztien arteko elkarrizketan eta negoziazioan konprometituko litzatekeela adierazi zuen, EAJk «mundu abertzalean zein abertzalea ez den munduan hitz egiteko duen gaitasuna» erabilita.
Ados proposamenean zehaztutako bide orriaren gakoak argitzen aritu da aste honetan Urkullu. Hala, Ipar Irlandako gatazka konpontze aldera Europako Batasunak abian jarri zuen Peace ekimena Euskal Herriarentzat ere lortzen saiatuko dela iragarri du. Ipar Irlandan bizikidetza programak sustatzeko ekimena da Peace. 1995. urtetik 1.800 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Europako Batasunak herrialde horretan. Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak Europako Batzordean egin zuen eskaera, uztailean.
Bestalde, Gipuzkoako EAJk Batu Gaitezen ekimena aurkeztuko du gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian,11:30ean. Alderdiaren proiektuaren inguruan atxikimenduak biltzeko ekimena da Batu Gaitezen.
Europako alderdiei babesa eskatu die Urkulluk, bake bidea sendotzeko
Bakearen eta bizikidetza politikoaren alde adierazpenak eta ebazpenak sustatu nahi ditu EAJk nazioarteko erakundeetan. Europako Alderdi Demokrataren kongresuan parte hartu du EBBko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu